Gauza batek elkartzen ditu: ez dute gustoko gizon bezala gizarteak eman dizkien rolekin funtzionatzea: indartsu, ausart, konpetitibo, menperatzaile... Eta hori aldatu nahian elkartzen dira, beren buruetatik hasita. Hernaniko Izan Gizon! taldeak zazpi urte daramazki biltzen, hilean behin, eta ia 40 lagun pasa dira bertatik. Gaur egun 10-12 lagun biltzen dira, eta nahi duen guztiak zabalik dauka atea. Asteazken honetan, adibidez, 18:30etan bilduko dira, Plaza Feministan.
Hainbat arrazoi, gizon
taldera inguratzeko
Hernaniko Kronikak gizon taldearekin hitz egin du, eta Aritz, Angel, Pello, Ibon, Jon, Oier eta Beñat azaldu dira zitara. Gustora sentitzen dira taldean, eta bakoitzak bere arrazoiak ditu. «Gure koadrilan bagenituen gabeziak harremanetarako. Sentimenduei buruz ez da hitz egiten, eta hemen berriz, esan eta entzun egiten diogu elkarri», dio batek. Besteak, «ni beti errebelatu izan naiz inposatu didaten horren aurrean, eta gizon izate gogor, indartsu, familiaren sustengatzaile izan behar horren aurrean ere errebelatu egin nahi dut».
Makilatu egin dira rolak
Taldeko gazteenek diote, beren generazioan rolak ez direla hainbeste aldatu. «Ikasi dugu zenbait gauza ezin direla egin edo esan, ez direla politikoki onartzen, eta makilatu egiten ditugu. Baina funtsean, neska-mutil arteko rolak berdinak dira», gazteen esanetan.
Beren buruarentzat beste eredu bat nahi dute, konpetitibitatetik aldegingo duena. «Ondo sentitzen naiz hemen, eta nere eguneroko funtzionamendutik atera egiten naiz. Lasaitu egiten naiz, eta orekatu. Bestela, pixkanaka gizarteko korronte horrek eraman egiten nau funtzionatzeko modu konpetitibo horretara. Eta nere koadrilan ere asko aldatzen ari da gure arteko harremana, orain askoz lasaiagoa da», esanguratsua omen da gizon taldera nola sartu eta nola ateratzen diren ikustea.
Tabuak hausteko leku bat
Ibon da gizon taldea zuzentzen duena, eta berak dio, lehenengo momentutik saiatzen direla, tabuak puskatzen. «Gaiak atera eta hitz egiten dugu, eta bakoitzak sentitzen duena lasai esaten du, eta ez da epaitzen, arrazoia ez da inorena, ezin da eduki litekeen gauza bat. Horrez gain, hainbat pareta hautsi nahi ditugu. Elkar ikutu, ez eztabaidatu, sentimenduak baloratu... gure ahuldadeetan bilatu nahi dugu indarra», dio Ibonek, «maskulinitatearen eredu berri bat nahi dugu, eta ez kajoi itxiak».
Gizon sarea
Hilean behin bildu eta hitz egiteaz gain, genero indarkeriaren kontrako mobilizazioetan parte hartu izan dute, eta horrez gain, Euskal Herriko gizon sarearen ekimenetan ere parte hartu izan dute. Hernanikoa bezalako 12 talde daude Euskal Herrian.