Hernaniko intsumisoak ez ziren gutxi izan. Horien artean zeuden, adibidez, Xabier Huizi, Jon Navarro eta Xabier Alberdi. Eta Xabier Balerdi, Xabier Mitxelena, Rafa Gonzalez, Juanra Jodar, Iñaki Zabala, Aitor Etxeandia, Mikel Zugasti, Asier Irazusta, Juanbau Larburu... Ezin denak aipatu, 100 inguru izango baitziren, hasieran, eta milaka aurrerago. Eta bakoitza bere modura, bere arrazoiek bultzatuta, bere ideiekin eta bere asmoekin hurbildu zen intsumisoen mugimendura. Horrexegatik, beren ikuspegitik begiratuta beren bizipenak kontatu dizkigute, kontakizun propioa egin digute intsumiso haietako hiruk: Jon Navarrok, Xabier Alberdik eta Xabier Huizik.
«Gaur bertan hasi behar nuen soldaduska, Ibizan»
Hernaniarrak badira ere, ez ziren denak Hernanin elkartu intsumiso mugimenduaren bueltan. Ez behintzat, Huizi eta Navarro.
«Laster egin beharko nuen soldaduska 90ean, eta informazio eske joan nintzen Donostiara, han, Amaran, Talde Antimilitaristak zuen lokalera, orduan ez baitzegoen ia informaziorik. Eta handik ateratzen ikusi nuen Xabier. Hernaniarrak ginenez, elkar ezagutu nuen, eta halaxe esan zidan: `gaur bertan hasi behar nuen soldaduska, Ibizan´. Gero aipatu zidan Hernanin bazegoela halako talde bat, eta ea haiekin elkartu nahi nuen. Halaxe hasi nintzen Hernaniko KEM-MOC Talde Antimilitaristan».
Navarrorekin topo egiterako, Huizi ibiltzen zen Donostiako beste talde batean ere, Alimentación y Desarmen. Donostian eta Errenterin, Kakitzat-en inguruan, sortu ziren Gipuzkoako lehenengo intsumisoen mugimenduak.
Xabier Alberdi, berriz, gazteagoa izanik, beranduxeago sartu zen mugimenduan, 93an. «Ordurako bidea egina zegoen. Nik oso oroitzapen ona daukat, ondo pasa genuen. Neri beranduago tokatu zitzaidan eta, beraz, ez nintzen kartzelatik pasa. Esperientzia ona, ez-traumatikoa izan zen».
Gizarte oso baten
eboluzioa eta babesa
1990ean sortu zen Hernanin objetore eta intsumisoen elkartea: Hernaniko Mugimendu Antimilitarista KEM-MOC.
«Helburua informatzea zen. 88ko amnistiarekin ordura arteko Kontzientzia Eragozleak, objetoreak, libratu ziren, baina hortik aurrerakoek PSS edo Ordezko Prestazio Soziala bete beharko zuten soldaduskaren ordez, eta zigor modukoa zen, hilabete gehiago pasa behar baitziren horretan. Gainera, horrekin nolabait soldaduska onartzen zen, alternatiba onartzen zelako, eta orduan erabaki zen desobedientzia erabiltzea. Ez zen nahikoa nor bere kontzientziarekin lasai gelditzea; gizartearen eraldaketa nahi zen. Baina hor zegoen kartzela! Informazioa behar zen».
Horregatik, Hernaniko Udalak emandako laguntzarekin, informazio bulegoa jarri zen Biterin, ostiralero 18:00etatik 20:00etara. Bestalde, liburuak ere erosi ziren, Bakearen Aldeko Ikastaroak eta Aste Antimilitarista antolatzen ziren, norbaiti soldaduska non egin beharko zuen esateko zozketa egiten zenean greba egiten zen...
«Desobedientzia terminoa oso modan dago orain, baina orduan sortu zen. Orduan ikasi zuen jendeak ezetz esaten. Derrigorrez egin behar zen soldaduskari ezetz esan, eta ondorioak baldin bazeuden, ba aurrera egin. Desobedientzia publikoa, ez-biolentoa zen. Lehenago ere bazen soldaduska egiten ez zuen jendea, baina horretarako kanpora joaten zen. Lehenengo aldia zen ezetz publikoki esaten zena. Gizartea protagonista bihurtu zen eta babes haundia lortu zen. Babes soziala hemen ikaragarri izan zen, eta hori eskertu egin behar da».
Iñaki Gastesi
Babes hori erakutsi zutenen artean mota guztietako jendea zegoela gogoratzen dute hirurek. «Arrazoi asko zituen jendeak mugimendura hurbiltzeko. Batzuek, besterik gabe soldaduskatik libratu nahi zuten. Beste batzuek bazuten kontzientzia antimilitarista bat. Batzuk objetoreak ziren soilik, eta besteak intsumisoak, ejerzitoaren kontra zeudelako. Hasieran ejerzito hari planto egitea baina beste bat, propioa, sortzea nahi zutenak ere bazeuden. Emakumeak ere izan ziren tartean, azken batean, ejerzitoak matxismoa bete-betean errepresentatzen duelako...»
Eta tartean, Iñaki Gastesi. «Soldaduska egin beharraren arazoa ez zutenak ere izan ziren. Iñaki Gastesirena mundiala izan zen. 65 urte inguru izango zituen, eta gurekin elkartu zen. Eta ez babesa emateko bakarrik! Kartelak jartzen lagundu, gure bileretara etorri eta parte hartu...».
Politiko eta kulturaren munduko jende ezagun askok ere babesa erakutsi zuen. Sindikatuek ere bai, lanpostu galera moduan ikusten baitzuen bai soldaduska eta baita Prestazio Soziala ere.
Kartzeletako egoera salatzen
Soldaduskari ezetz esandakoek, ordea, epaiketa izaten zuten. Kasu batzuetan, epaiketa militarra. Eta ondorioz, kartzela. Huizi 95ean sartu zuten Martutenen. Hirugarren gradua puskatu zuenez (kartzelan gaua bakarrik pasatzea), bigarren gradura pasa zuten. «Mota askotako eta arrazoi desberdinak zituen jende asko elkartu zuen mugimendua izan zen, baina ekintzak ez ziren indibidualak, baizik eta kolektiboak». Navarrori ere tokatu zitzaion kartzelan egotea, baina hirugarren graduan, eta denbora laburragoan.
«Ez zenuen sentitzen delitu bat egiten ari zinenik. Eta kanpoan, gizarteak ere ez. Arro geunden, eta beraz, salaketak egiteko aukerarekin. Kartzeletako egoerak salatzen hasi ginen». Huizi, adibidez, teilatura mantekin igo zen haietakoa izan zen, kalefazioa jartzeko eskatzeko, tuberkulosia zabaltzen hasi baitzen toki batzuetan. Salhaketa edota elizbarrutiko taldeak ere batu ziren horrelako ekintzetara, HIESAren aurka egiteko.
«Gipuzkoan ez zen hainbesterainokoa, baina Iruñean izugarrizko gazte piloa sartu zuten kartzelan, oso gogorrak izan ziren. Eta azkenerako, kartzeletako zuzendariak nazkatzen ziren: ¡Iros! ¡Iros de aquí y dejadme en paz de una vez!, zioten. Eskuetatik ihes egin zien egoerak».
«Atzera begiratu eta
egindako ibilbidearekin arro sentitzen gara»
2002an kendu zen derrigorrezko soldaduska. Baina lehenago ere, arraroena soldaduska egitea zen. 98 inguruan mugimendu intsumisoak baretuta zeuden, ez baitzegoen beharrik.
«Hasieran tentsio haundia egoten zen epaiketetan, oso luzeak izaten ziren... Gero, ordea, bi minututakoak! Kartzeletan, berriz, hainbeste jende zegoenez, ez zegoen tokirik! Eta Ordezko Prestazio Soziala ere desastre hutsa izan zen, Prestazioa egiteko tokia jendea baino askoz ere gutxiago baitzen. 95-96an gehiago ziren soldaduskara joaten ez zirenak, joaten zirenak baino! Garaipena lortua zegoen! Eskutik ihes egin zien. Oraindik bada jendea kondena firmeak dituena, baina ezer bete gabe. Polita izan zen hura ikustea. Gero, ejertzito profesionala sortu zen. Hasieran 100.000 pertsona nahi zituzten, baina jendea ez zegoen prest...».
Hiru intsumisoek ez dute inolako damurik sentitzen atzera begiratzean. «Atzera begiratu eta egindako ibilbidearekin arro sentitzen gara. Hernaniko Mugimendu Antimilitaristak molde guztiak hautsi zituen, jende desberdina bildu baitzuen, oso modu naturalean: abertzaleak, bakezaleak, erlijiosoak, komunistak, anarkistak, objetore soilak eta intsumisoak...».
Jon Navarro geroago sortu zen Hernani Intsumisioa taldean ere sartu zen, nahiz eta geroago atera. «Asko ikasi genuen gure buruaz eta mugimendu asanblearioaz, parte-hartzeaz. Prozesu horrek guztiz aldatzen zaitu. Bizitakoa altxor txiki bat da neretzat».
«Oraindik ere, ezkutuan dagoen mamutzar bat da»
Gaur egun afaritarako elkartzen dira intsumisoen mugimendu hartan bat egin zuten asko, eta oroitzapen asko partekatzen dituzte, gaur egungo egoeraz eztabaidatzeaz gain.
«Batzuetan esaten da oraingo gazteak ez direla mugitzen eta ez da egia. Edo bestela, ez oraingoak eta ezta lehengoak ere. Askotan pentsatu izan dugu, soldaduska derrigorrez egin behar hori tokatu izan ez balitzaigu antimilitarista egin izango ote ginen».
Egungo egoera aztertuta, alde batetik pozik daude lortutakoarekin, baina bestetik, ez. «Derrigorrezko soldaduska kentzea lortu zen, jendeak ezetz esaten ikasi zuen, gizarteak ez du inposizio hori... Baina, bestetik, atzerapausua-edo, eman da, ejerzitoa bai baitago. Izugarrizko baliabide ekonomiko, teknologiko eta abar luze bat xahutzen dituen mamutzar bat da, eta badirudi ez dugula ikusten, baina hor dago, eta konturatzen ez bagara ere, eragin haundia dauka».
Intsumisioaren bilakaera
·60eko hamarkadaren bukaeran egiten da lehenengo kanpaldi ez biolentoa soldaduska ez egiteko kontzientzia-eragozpenerako eskubidea aldarrikatzeko.
·1971n atxilotu eta kartzelan sartzen dute Pepe Beunza, arrazoi politikoak ematen dituen kontzientzia-eragozlea.
·1977ko urtarrilean Kontzientzia Eragozpen Mugimendua (KEM-MOC) sortzen da.
·1979an KEM-MOCen Lehenengo Kongresua egiten da, intsumiso deitzen diete beren buruei, eta Lehenengo Adierazpen Ideologikoa plazaratzen dute.
·1984ko abenduaren 28an Espainiako Gobernuak kontzientzia-eragozpenaren legea (LOC) onartzen du (nahiz eta denbora-tarte luzea pasa martxan jarri arte). Ordura arteko eragozleak indultatzen dira, eta hemendik aurrerakoei PSS, Ordezko Zerbitzua ezartzen zaie soldaduskaren ordez. KEM-MOCek ez onartzea erabakitzen du.
·1989ko otsailaren 20an intsumisoen lehenengo aurkezpen kolektiboa egiten da: Espainiako Estatuan 57 intsumiso agertzen dira, eta horietatik 11 kartzelan sartzen dituzte.
·1991n Zerbitzu Militarra Erreformatzeko Legea ateratzen da. Hemendik aurrera epaiketa zibilak egiten dira erakunde militarren ospe txarra gelditzeko. Espetxeratzeek gora egiten dute intsumisoen Denak ala inor ez kanpainari esker.
·1993an zigor-araudia aldatzen da intsumisoen arrakasta ikusita, 3garren graduko espetxeratzeak aginduz. Planto egiten da.
·1996an Kode Penal Berria onartzen da: kartzela zigorrak kendu eta inhabilitazioak jartzen dira (heriotza zibila).
·1997an 130.000 intsumisotik gora daude. 2002an derrigorrezko soldaduska kendu eta ejerzito profesionala eratzen da.
Intsumiso kopurua 1994an