Ordiziak giza-pareta bat topatu zuen atzo, Landaren

Kronika - Erredakzioa 2014ko ots. 23a, 01:00

Ez zuten zulorik aurkitzen, eta saiatu ziren arren, ordi­ziarrek amore eman zuten Landaren. Hernania­rrak ge­hia­go izan ziren, bai era­soan, eta bai batez ere, defen­tsan. Giza pareta bat topatu zuten goierritarrek Landaren, azken metroetara iristen ere uzten ez ziena, eta kontrara, eurek utzitako zuloak aprobetxatu zituena, primeran. Hernanik parti­dua eta patxada irabazi zituen atzo, 24-17, eta lau puntu gehiago.

Ezustean harrapatzea...
Igor Genua kapitainak egin zuen lehendabiziko en­tsaioa, partidua hasi or­duko, inork espero ez zuela. Ezustean harrapatu zituen denak; kolpe ederra hartu zuen berak ere, baina haun­diagoa aurkariek. Perezek jaurti, eta gauzatu: 7-0. Ordizia talde haundia da, profesionala, eta segituan erreakzionatu zuen. Jo eta jo, eta bai, lortu zuten en­tsaioa, eta gauzaketa. Eta handik 7 minutura beste en­tsaioa, 7-12 eta aurretik goie­rritarrak. Bildurtzen hasia zen Hernaniko zaletu-jendea, minutuak aurrera, eta Or­dizia aurretik. Iritsi zen 35ga­rren minutua, eta Jones gaz­teak berriz ezustean ber­dindu zuen Hernaniren­tzat, Genuak gauzatu, eta berriz aurretik: 14-12. Eta Genuak hasia, Genuak bukatu zuen, zigor golpearekin: 17-12 eta atsedena. Bigarren zatia gogorragoa izan zen, eta ez hain ikus­ga­rria. Zein baino zein ibili eta gero, Hernanik entsaioa, eta Genuak gauzaketa: 24-12 eta Landaren festa polita. Ordi­ziak eman zion errematea, 24-17, baina berandu zen. Ikuskizuna zelaian, eta giro ederra zelaitik kanpora ere, zaletuen artean.

Minutuko isilunea partidu hasieran
Partidu hasieran minuutuko isilunean egin zen Javi eta Marcos Orma­za­balen ama­ren omenez. Ondoren, ohorezko sakea Hernaniko bertso eskolako kideek egin zuten, urteotan eta bereziki azken txapelke­tan egindako lanarengatik. Plaka ere jaso zuten.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!