Urteroko giro sano eta alaia nagusi izango dira gaurkoan ere, Aranoko Karnabaletan. Goizean goiz hasiko da festa, eta gaueko ordu txikietara arte, izango da zerekin gozatu.
Goizetik gauera,
deskantsurik gabe
Egun osoko festa izango da gaur Aranon: goizean goiz hasi eta gauera arte.
Goizeko 08:30etan hasiko dute eguna, etxez etxe puska-biltzen, Izer eta Alabier trikitilariak lagun dituztela.
Goizean gastatutako indarrak berreskuratzeko, berriz, Zomorroen bazkaria egingo da soziedadean, 14:15etan.
Arratsaldean, berriro ere giroa pizteko, zahagi-dantza egingo da.
Eguna bukatzeko, gauean afaria izango da gerturatzen den guztiarentzat, eta giroa jartzen ariko da musika talderen bat.
Goizuetan,
lau eguneko fiesta
Goizuetako Inauteriak datorren asteburuan hasiko dira, eta lau egunez izango da mozorro eta fiesta. Aurtengo gaia: piratak.
Martxoaren 2an gaztetxoen zahagi-dantzak, dantzaldiak eta afariak emango diote hasiera festari. Martxoaren 3an eta 4an gosari, bazkari eta afariak egingo dira, dantzaldiak eta desfileak ere izango dira, eta helduen zahagi-dantza egingo da.
Inauteriak martxoaren 8an bukatuko dituzte.