Gereziondoa eta intxaurrondoa landatuko dituzte gaur Epeleko Iturrandieta sailean, 41garren Zuhaitz Egunean. Guztira 500 landare gazte dira, bertako espezieak, eta basoan asko ikusten ez direnak, garai batean ugari baziren ere. Aurreko urteetan ere goraxeago eta beheraxeago landatu izan dituzte zuhaitzak, egun honekin, eta gaur errespetatu egingo dute aurreko urteetan sartu duten generoa. «Gaikaldean intxaurra dago sartua eta behekaldean gerezia. Horregatik, gaur ere bi landare horiek aukeratu ditugu» dio Roxario Pikabeak, basozainak.
Udaberrian, ikuskizun paregabea gereziondoek
Extremaduran ezaguna da Jerte bailarako gereziondoen loraldia, eta laister Epelerrekan ere haren erreplika txikia izango dugu. Gerezia loretan denean kolore arrunt zuria hartzen du, eta ikuskizun polita izaten da. «Aurreko urteetan sartutako landareak asko irabazi du eta dezente haundiak egin dira» dio Roxariok. Pertsonek jateko ez dute balioko gerezi horiek, basatiak edo basak direlako, txikiak, landarea txertatu gabea sartu delako. Intxaurrondoekin ere hala egin dute, baina hori bai, jateko adinakoa egiten dela dio Pikabeak.
Autobusean eta oinez
Hernanitik bi koadrila abiatuko dira: gaztetxoak autobusez, 09:00etan Biteritik abiatuta; Irubidetik gora oinez. Helduak Gudarien plazatik oinez joango dira, 08:00etan abiatuta. Ereñotzutik ere joango da koadrila, eta landaketa denek elkarrekin egingo dute. Bukatu eta gero, hamaiketakoa Ereñotzun, eta 13:00ean autobusa, Hernanira.