Ur kontsumoa hamarretik lau jaitsi da azken 20 urteetan

Kronika - Erredakzioa 2014ko otsailaren 21a

Ur eskaera 17,5 miloi m3 gutxiago da aurten, 1995ean baino, %42 gutxiago alegia. Ur sarea hobetzeak eta jendearen ohiturak aldatzeak ekarri du jaitsiera, batez ere.

Añarbeko urtegiak orain dela 20 urte baino %42 ur gutxiago ematen die orain mankomunitateko hamar Udalei (Donostia, Errenteria, Herna­ni, Lasarte-Oria, Pasaia, Oiar­tzun, Urnieta, Lezo, Usurbil eta Astigarraga). 1995ean 41,5 miloi m3 kontsumitu zituzten herri horietan, 2013an 23,9 miloi m3, eta aurten, 23,5 mi­loi m3 izatea espero da. Horrek esan nahi du gaur egun 17,5 miloi m3 aurreztu direla 1995tik, Donostiak eta Errenteriak biek batera urte batean kontsumitzen duten kopuru bera, alegia.

Ur sarea konpontzen
Añarbeko mankomunitateak dioenez, ur sarea hobetu izanak eragin du ur kontsumoa txikiagoa izatea. Batez ere hori, eta baita herritarren ohitura aldaketak ere. Horrez gain, oraingo etxe tresnek askoz gutxiago kontsumitzen dute orain dela 20 urtekoek baino, eta hori ere asko antzematen da urteko ur kontsumoan. Urteren batean gora egin badu ere, 20 urteotan etengabe jaitsi da kontsumoa. Iaz ere %5,3 jaitsi zen, eta aurten %1,8 inguru jaistea espero du Añarbeko mankomunitateak. Txanponak badu ordea beste aldea ere, berez, sistema bera mantentzeko, diru gu­txiago ordaintzen baitzaio man­komunitateari, eta horrek tarifa igoera ekarri lezake..

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!