Langabetu kopuruak behera egin du 2013an, baina gora urte hasieran

Kronika - Erredakzioa 2014ko ots. 20a, 01:00

Urteko langabezia tasarik txikienak erregistratu ziren, bai Hernanin eta baita EAEn ere, 2013ko azken hiruhilekoan. Irailean 1.461 hernaniar zeuden langabezian, eta aben­duan, berriz, 1.338. Au­rreko urteko datuekin konparatuta ere, joera beheranzkoa izan da, 2012ko abenduan 1.382 baitziren langabetu hernaniarrak. 2014ko datuak, ordea, joe­ra aldaketa erakusten dute berriro. Izan ere, urtarrilean 1.411 langabetu erregistratu dira Hernanin. Gipuzkoako eta EAEko langabezia tasaren joera Her­nanikoaren parekoa da. 2012­tik 2013ra jaitsi egin da langabetu kopurua; Gipuz­koan, 47.688 langabetutik 46.612ra, eta EAEn, 169.083tik 167.365era. 2014ko urtarrilean, ordea, Gipuz­ko­an 48.816 langabetu erregistratu dira, eta EAEn, 174.170.

Kontratazio kopuruak behera egin du
2013ko azken hiruhileko langabetu kopuruak behera egin badu ere, ez da izan kontratu gehiago lortu direlako, hauek ere behera egin baitute, aurreko hiruhilekoarekin konparatuta. Irailean 451 kontratu berri egin ziren Hernanin. Aben­duan, ordea, 379. Horien artean gehienak aldi baterako kontratuak izan dira: 337. Lehenago lana zutenen artean, 17k kontratu mugagabea lortu dute, eta 24 hernaniarri zuzenean egin diete kontratu mugagabea.­ Sektore kaltetuena: zerbitzuak Kualifikaziorik gabeko kontratuen atzetik, zerbitzuen sektorean egiten dira kontratazio gehien, baina, hala ere, zerbitzuen sektorea da, hain zuzen, langabetu gehien dituen sektorea, eta nahiko nabarmen, gainera. Hernaniko datuei dagokienez, 836 langabetu daude zerbitzuen sektorean. Atze­tik jarraitzen dio industriak, 223 langabeturekin. Eraikun­tzan, 150 dira langabetuak; lehenengo sektorean, 36; eta lehenago lanik egin gabekoak 93 dira. Gipuzkoako eta EAEko datuek ere antzeko propor­tzioak erakusten di­tuzte: zerbitzuen sektorean dago langabetu gehien, eta lehenengo sektorean gutxien.

Langabetu gehienak: ikasketa zehatzik gabeko 25 eta 44 urtekoak
Sexuka, ez dago alde haundirik emakume eta gizonen artean. Hala ere, Hernanin gizon gehiago dago langabezian emakumeak baino: 674 gizon 2013 bukarean, eta 716 gizon 2014ko urtarrilean; eta 664 emakume 2013 bukaeran eta 695, 2014ko urtarrilean. Hala ere, kontratu gehiago lortu dituzte gizonezkoek (193), emakumezkoek baino (186). Ikasketa mailari dagokionez, langabetu gehienek derrigorrezko ikasketak egin dituzte. Lanbide Heziketa, unibertsitate mailako ikasketak eta batxilergoko ikasketak dituztenak dira, hurrenez hurren, langabetu gehienak. Langabetu gehienen adi­na mantendu egin da urte osoan: 25 eta 44 urte bitartekoak dira gehienak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!