Udal kontratazioak direla eta, Gobernu Taldeak atzo adierazi zuen Idurre Conde zinegotziak kargua utziko duela, bera eta Uralde enpresako jabea ezkonduta izanik, inkonpatiblea delako enpresa horrek udalarekin lan egitea. Zinegotziari eta Gobernu Taldeari babesa ematera herritar asko azaldu ziren, eta honako hau da, irakurri zuten oharra, oso osorik:
«Udal mailan egin diren kontratazioen legezkotasuna auzitan jarriaz azken bolada honetan esandakoen eta argitaratutakoen inguruan Udal Gobernu Talde honek adierazpen publiko honen bitartez honakoa adierazi nahi du: Bi urte eta erdi lanean aritu eta gero, urtarrilaren 31n, lehenengo aldiz kontratazio teknikariaren txosten bat jaso genuen adieraziz Idurre Conde eta Uralde Iturgintza enpresako jabea ezkonduta egoteagatik, Udalak debekatua duela aipatutako enpresa horrekin lan kontratuak sinatzea. Nahiz eta Idurrek ez dituen sinatu egiten diren kontratuak eta ez duen parte hartu enpresa kontratatzeko prozeduran. Nahiz eta Udalak, 25 urte baino gehiago daraman Uralde enpresarekin lanean, agintean talde politiko bat zein bestea izan. Orain jakin dugu inkonpatibleak direla.
Egoera honen aurrean, administrazio publikoko kontratazioetan aditu bati txostena eskatu genion, gaia aztertzeko, eta aurrera begira egin beharrekoa zehazteko.
Legearen arabera, Uralde enpresako jabea eta Idurre Conde zinegotzia ezkonduta egoteagatik, Udalak ezin du enpresa hau kontratatu.
Honen aurrean bi aukera ditugu: alde batetik Idurre Conde zinegotziak dimisioa aurkeztea, edo beste alde batetik Idurrek zinegotzi izaten jarraitzea baina Uralde enpresarekin lan gehiago ez egitea.
Gobernu talde honek, gertaera hauen aurrean gure ardura hartzen dugu, orain arte ez diogu dagokigun ardurari inongo kasuetan uko egin eta hemendik aurrera berdin jarraitzeko asmoa dugu; baina argi eta garbi utzi nahi dugu ardura hau talde osoarena dela, eta hartutako erabaki guztiak lan talde osoaren babesarekin hartu ditugula. Ardura hartze honen ondorioz Idurre Condek zinegotzi izateari utziko dio datozen egunetan.
Gobernu talde honek, Bilduko zerrenda osatu genuenok, eta agerraldi honetan parte hartzen dugun herritarrok gure babes osoa adierazi nahi diogu bai Idurre Conderi eta baita bere familiari ere, beraien izen ona zikintzeko egin den ahalegin honen aurrean.
Gobernu taldean ziur gaude, gure lanean eta udal gestioan hartutako erabaki guztiak zintzotasun osoz eta herritarren onerako egin ditugula, inor kaltetu gabe.
Adierazgarria zaigu bestalde ere aipatutako txostenean adierazitakoa: `no cabe advertir en la contratación de Uralde Iturgintza S.L. prácticas fraudulentas o corruptas derivadas del cargo electo de que se trata, que beneficien especialmente a dicha Sociedad, habida cuenta los datos e información suministrados y el elemento comparativo proporcionado, cual es el desglose por años de los contratos y/o cantidades satisfechas a la misma por tales Instituciones.
Más bien cabría pensar que ha sido inconscientemente, de forma natural y espontánea, por las propias inercias ordinarias de muchos años atrás, por lo que se siguen contratando los servicios de fontanería con dicha sociedad´.
Udal gobernu talde honek argi eta garbi adierazi nahi dugu, ez dugula inongo erabakirik hartu Uralde Iturgintza S.L. Enpresa bereziki lagundu duenik beste enpresen aurretik.
Gobernu taldeko kideok, ardura politikoa hartu genuen momentuan Hernaniko herriaren alde lan egiteko konpromezua hartu genuela eta inolaz ere ez zinegotzi karguak lortzea edo mantentzea. Horren froga nabarmena da Idurrek bere kargua utzi izana. Aurrerantzean ere lanean zintzo, txukun eta leial arituko garela azpimarratu nahi dugu, Hernaniko herriaren eta hernaniarron onerako».