Lehendabiziko bi mila metroetan denak batera joaten dira, eta azken hiru mila metroetan zatitzen da taldea, normalean; bigarren zati horretan tope-topean joaten dira korrikalariak eta gehien eusten dionak irabazten du sarri. Horretan parekorik ez dauka Yohanes Merino gazteak; aurten behintzat. Iraupen probak ditu gustuko, eta zenbat eta luzeagoak eta gogorragoak, orduan eta emaitza hobeak lortzen ditu. Espainiako Txapelketa jokatuko du igande goizean Mostolesen, Madrilen, eta lehenengoen taldean iristearekin gustora litzatekeela dio, edo gutxienez «Euskadikoan irabazi zidanari irabaztearekin».
Zortzitik lau irabazi
Aurten lau lasterketa irabazi ditu 15 urte betetzear den hernaniarrak, zortzi jokatuta. Lazkaon, Eibarren, Donostian eta Azpeitian bera izan da onena. Azpeitian, gainera, Gipuzkoako txapela irabazi zuen, bere gustoko proban, 80 metroko aldapa izugarri bat tartean zela. «Neri komeni zaizkit lasterketa luzeak eta aldapatsuak, eta Azpeitian 80 metroko aldapa horretan atakatzen nuen».
Mikel Von Wichmann entrenatzaileak dioenez, igotzeko potentzia haundia dauka Merinok, eta hor erasotzeko eskatzen dio berak. «Nik beti esaten diot aldapan erasotzeko, hor alde izugarria kentzen dielako aurkariei. Gora jo, eta behera hankei utzi lasai».
Proba luze eta motzak
Kadete mailan ari da Merino, eta iraupen karrerak dira, batzuk 5.000 metro ingurukoak eta besteak 3.000 metro ingurukoak. Gutxi gorabehera 3 minutu edo 3:30 minutuko media ateratzen dute karrera horietan, helduentzat ere oso erritmo azkarra inondik ere. Hala dio Von Wichmannek: «erritmo azkarrak dira oso, baita helduentzat ere, eta karrerako distantzia eta zailtasunaren arabera, asko aldatu liteke emaitza». Gustoko zirkuitua izan edo ez, emaitzarik txarrenean ere zazpigarren postua lortu du aurten Merinok. Martxoaren 7an 15 urte egingo dituen gazte honek sekulako jauzia egin du aurten, eta Gipuzkoakoan irabazita eta Euskadikoan bigarren postua lortuta, orain ginda jarri nahi lioke denboraldi ezin hobe bati. Hasiera batean, esan liteke hernaniarrari komeni zaion zirkuitu mota dela Mostolesekoa, 5.400 metroko distantzia dutelako aurrean. Ondoan ordea, maila haundiko korrikalariak izango ditu, eta bildurrik haundiena ematen dienak, madrildarrak, kataluniarrak eta andaluziarrak.
Etorkizunerako planak
Atletismoa gustoko duela dio Merinok, baina ez du oraindik etorkizunerako planik egin nahi. «Noizbait Etiopian entrenatzea berezia litzateke neretzat, baina hori nahiko urruti ikusten dut oraindik».
Hurrengo erronka Mostolesen dauka Merinok, eta hortik aurrera, hiru astez atseden hartu, eta aire libreko denboraldiari ekingo dio.