Hernanira etortzeko aitzakia gero eta jende gehiagok bilatzen du, eta neurri haundi batean bertako merkatari eta ostalariek erakartzen dute bisitari hori. Atzo eman zuten bide horretan pauso berri bat, aktibitatearen praktika onak ziurtatzen dituen SICTED seilua jaso baitzuten Hernaniko zortzi establezimenduk, Donostialdea bailarako beste 20rekin batean. Hauek dira Hernaniko zortzi establezimenduak: Arrobi ostatua, Errioguarda jatetxea, Saretxo jatetxea, Iturralde jatetxea, Iparragirre sagardotegia eta kupeltegia, Itxasburu sagardotegia, Aralar pintxo-taberna, Kixkal pintxo-taberna. Zortzi horiez gain, Donostialdeako beste 20 establezimenduk ere jaso zuten ziurtagiria: Urnieta, Usurbil, Astigarraga, Hernani, Andoain eta Lasarte-Oria dira herri horiek. Turismoari buruz hitz egitean, Donostialdea bailara aipatzen da, bestela Buruntzaldea esaten zaiona izendatzeko.
«Eskualde gisan erreferente bihurtzen ari da»
Urnietako Oianume jatetxean eman zituzten ziurtagiriak, Behemendiko arduradunak eta sei udaletako arduradunak bertan zirela. Juan Kruz Alberdik, Behemendiko arduradunak aipatu zuenez, turismo mailan Donostialdea erreferentzia bihurtzen ari da, eta hori da, neurri batean establezimendu horiei eskerrak. «Banaka beren negozioa hobetzen ari direlako, eta elkarrekin taldea egiten ari direlako, eskaintza bateratuak eskaintzeko, eta programa gehiago martxan jartzeko». Oraingoz bi urte daramazkite SICTED ziurtagiriarekin lanean, eta guztira lau urte direla jakinarazi zuten. «Esfortzua da» adierazi zuen Alberdik, «eta hori krisi garaian egitea oraindik gehiago estimatu behar dugu».
Mikel Pagola Urnietako alkateak azpimarratu zuen Donostialdeak duen potentziala: «bisitariek jakin behar dute bailara honetan gauza asko dauzkagula eskaintzeko».