Bi hilabete inguru egiten dituzte Saharako errefuxiatu kanpamenduetatik etorritako neska-mutilek Hernanin. Oporrak Bakean programari esker etortzen dira umeak Hernanira. Helburuetako bat da haur sahararrek udan desertutik ateratzeko aukera izatea, 50 graduko tenperaturetatik ihes egitea. Era berean, elikadura eta osasuna zaintzeko aukera ematen zaie, eta bi familia eta herrialderen arteko harremanak indartzen dira.
«Esperientzia bizitu dutenek merezi duela diote»
Udaletik jakinarazi dutenez, hiru familia animatu dira dagoeneko, eta hiruak dira aurreko urteetan umeak etxean hartutakoak. Familia berrien beharra azpimarratu dute Udaletik: «esperientzia berri honi aurre egitera animatuko diren familia berriak behar ditugu. Orain arte esperientzia hau bizitu izan dutenek merezi izan duela azaldu izan dute beti. Orduan eta familia gehiago, ume gehiago ekartzeko aukera izango dugu».
Izen ematea zabalik,animatzen direnentzat
Saharako ume bat udan etxean hartzera animatzen diren familiek izena eman behar dute aldez aurretik. Bide ezberdinak dituzte horretarako: emailez, a-yarza @hernani.net; telefonoz, 943 33 70 17; edo bulegotik pasata, Plaza Feminista, Aristizabal 7 behea.