Erraza behintzat ez da Hiazinto Fernandorenak egindako lan guztiak laburbiltzea. Nahiko da joan den astean Martin Ugalden bildu zen esparru hain ezberdinetako jendea ikustea, horretaz konturatzeko. Hezkuntza, materialgintza, itzulpengintza, erlazaintza... hainbat eta hainbat esparrutan lan egindakoa da Hiazinto Fernandorena, dena euskera eta euskal kulturaren aldeko ahaleginean. Omenaldizalea ez denari ez da erraza eskerrak publikoan nola eman asmatzea, eta hargatik oso modu xumean prestatu zioten ekitaldia bere lagunek Andoainen, Martin Ugalde parkeko ekitaldi aretoan. Leporaino bete zen. Esker oneko hitzak izan zituen Fernandorenak bertaratutako guztientzat. Besteak beste, hernaniarrak ere asko ziren ekitaldian: Koro Etxeberriak egin zuen aurkezpena, Juanjo Uriak bertsoak... Egindako lan guztien artean, Hernaniri eskainitakoak ere asko izan dira, hasi udaletxeko itzulpenetatik, eta Hernaniko baserriei buruz idatzitako libururaino.
Ikastola askoren sorreran parte hartua, Lazkaon hasita
Hiazinto Fernandorena Urnietako Arantzibia baserrian jaio zen 1930ean. Apaiz ordenatu zen 1959an, eta Lazkaoko apaiz izan zen hainbat urtez. Urte haietan, besteak beste, Lazkaoko San Benito ikastolaren sorrera bultzatu zuen, eta hartarako irakasleak bilatu eta prestatzen aritu zen. Ikastola askoren sorreran parte hartu zuen geroztik, eta irakasleak prestatzen, eta euskerako materiala sortzen.
Gipuzkoako ikastolen elkartea ere sortu zuten. Eta irakasleak etengabe formatzeko eta materiala izateko Gordailu elkartea ere bai. Euskaldunei buruz euskaldunek idatzi behar zutela zioten, eta liburuxkak sortu zituzten besteak beste: Laborantza, Arrantza, Industria, Haitzuloetako Euskal Gizona, Burdina eta altzairua, Onddoak, Gasteiz, Baztan-Bidasoa, Goiherri, Durangaldea, eta abar.
Jostailu eta material didaktiko eta pedagogiko egokiak eskuratzeko denda bat ireki zuten gainera, Haurride izenekoa, Donostian.
Horrez gain, euskal udalekuei hasiera eman zieten. Gerora hain ezagun egingo zirenak, hasieran poliki-poliki eta gutxi batzuren ahaleginarekin egin ziren. Hiazinto tartean zen, han ere, eta sekulako lana egin omen zuen leku haietara joan, hango jendea konbentzitu, eta tokiak egokitzen. Saturraran, Antzin, Bernedo edo Urdiroz bere ardurapean egon omen ziren.
Eredu berri bat, eta jendea erakartzeko gaitasuna
Ikastolen hasiera hartan eredu berritzaile bat nahi zen, orduko eskola publikoaren aurrean. Horretarako, Elbira Zipitriaren bidetik Andereño Eskola sortu zuten, eta han hezi ziren ikastoletako lehendabiziko andereñoak. Fernandorenaren gaitasun haundienetako bat omen da jendea erakartzeko erraztasuna, eta garai hartan hori behar zen jendea ikastolen eredu berri hartara erakartzeko. Ez gurasoak bakarrik, baita irakasle izango zirenak ere.
Hernaniko itzultzailea
Apaiz izateari utzi, eta Hernaniko Udaleko itzultzaile eta euskera arduradun izan zen urte askotan. Gaztelaniaz zeuden izenak euskeratzea izan zen berak egindako lanetako bat, adibidez.
Fernandorenak lotura haundia izan du beti natura eta baserri munduarekin, eta Hernaniko baserriei buruzko liburua idatzi zuen 2003an, Mariaje Iartzarekin batera. Gure baserriak-Hernani liburuak 200 baserriri buruzko informazioa ematen du, auzoz auzo banatuta. Ez hori bakarrik ordea, baserri bakoitzeko pertsona helduenarekin hitz egin, eta ahozko historioa ere bildu zuten Fernandorenak eta Iartzak, kontu eta anekdotaz beteriko liburu bizia, horren emaitza.
Fernandorenak pasa den leku guztietan izan ditu bidelagunak, eta Hernaniko jenderik ez zen falta Martin Ugaldeko omenaldian. Andereñoak, udaletxeko lankide ohiak, eta abar luze bat.
Lazkaon apaiz, eta euskaltzale, eta ikastola sortzaile
Hiazinto Fernandorena 1959an apaiz ordenatu eta Lazkaora joan zen. Lazkaon, gerora, elizan bertan eta beste hainbat eta hainbat esparrutan lan egin zuen. Besteak beste, berak bultzatu zuen San Benito ikastolaren sorrrera, Lazkaon, eta hartarako andereñoak bilatu eta prestatzen ere sekulako lana egin zuen. Geroztik ikastola askoren sorreran parte hartu zuen.
Euskal Udalekuak, 1969 urtean
1968-1969 ikasturtean, sortu ziren euskal udalekuak, eta tartean zen orduan ere Hiazinto Fernandorena. Dionisio Amundarainek dioenez, Fernandorena eta Juan Mari Jauregi, Donostiako Seminariora joan ziren J.M. Arrieta eta M. Beraza apaizgaiekin hitz egitera. Bilera hura izan zen Euskal Udalekuak deituko zitzaion antolaketaren ernamuina. Hiazintoren ardurapean egon ziren: Saturraran, Antzin, Bernedo, Urdiroz...
‘Gure baserriak-Hernani’ liburua aurkeztu zuen 2003an
Hernaniko baserri guztiak biltzen dituen liburua 2003an argitaratu zuen Hiazinto Fernandorenak, Maria Jesus Iartzarekin batera. Liburuak biltzen ditu Hernaniko 200 baserritik gora eta bertako zaharrenen historiak. Ahozko historia eta dokumentu lan haundia egin zuten Fernandorenak eta Iartzak, eta 2003ko maiatzaren 9an aurkeztu zuten udaletxean.
Idazlea, euskaltzaina, eta erlazaina
ezin konta ahala langintza ditu Hiazinto Fernandorenak. Itzultzaile lanak egiteaz gain, idazle lanak ere egin ditu: Ogia, Olentzero, Onddoak, Erlea eta Eztia, Eguneroko gauzak, Laborantza, Iparragirre, Esperientziak 3, Gilen Tel euskeratzea, Euskal Herriaren historia, Burdina eta Altzairua... Euskeraren ezagutza haundiagatik, Euskaltzain urgazle da joan deneko urte askotan.
Baina horiez gain, ordea, Fernandorenak badu beste pasio bat ere: Natura. Natura orokorrean, eta erlezaintza partikularrean. Fernandorenak oraintxe arte izan ditu erleak, eta Erlezainen Elkarteko kide izan da. Behemendiko azokarekin ere herriz herri ibili izan da oraintsu arte, eta Hernaniko azokan ere ezaguna izan da bere postua.
‘Hiazinto gizakia’
Eta Hiazinto zer izan dugu
bere giza izaeran
eredu eder askoak utzi
ditu bere jardueran
eten gabeko jarrera zintzo,
adeitsu eta onberan,
zenbat behartsuk aurkitu duten
babesa Hiazintorengan,
zenbat ekintza on egin ote
ditu bere ibileran,
pobreen alde eta presoak
bisitatuaz kartzelan,
beraz, agerian da gaur hemen
zertara etorri geran,
biluztu eta erakustera
zer izan den eta zer dan.
Juanjo Uria - 2014-02-04