Hernaniko arraun elkarteko neskek zita berezia dute gaur: Oriako XX. Traineru Jaitsieran hartuko dute parte, 16:00etan. Hernaniko neskak 7 direnez, traineru osatzeko Badalonako (Katalunia) Betulo arraun elkarteko neskekin elkartuko dira.
Guztira, 79 ontzik hartuko dute parte, Gipuzkoa, Bizkaia, Ipar Euskal Herria, Kantabria eta Mediterraneotik etorriak.
Bihar, berriz, Gipuzkoako Batel Ligako estropada jokatuko dute hernaniarrek, 10:30etan Zumaian.
Hernani eta Badalona bat eginda
Hernaniko nesken arraun taldean zazpi arraunlari aritzen dira. Beraz, trainerurik osatzen ez dutenez, batel ligan jokatzen dute. Oraingoan, ordea, okasio berezia sortu zaie, Xabier Gurrutxaga entrenatzaileak azaldu bezala.
«Badalonako Betulo taldeko arraunlariak aurretik ezagutzen genituen, Tarragonan izan gineneko hartatik. Haiek Llaüt-ak erabiltzen dituzte, 8 arraunlarirentzako traineru txikiak. Horregatik, inguruetara deitzen aritu dira traineruaren bat lortzeko eta Oriako Jaitsieran parte hartu ahal izateko, eta azkenean, gauza bat dela eta bestea dela, elkarrekin ateratzea erabaki dugu, Hernaniko traineruarekin».
Hernaniar eta badalonatarren traineruak Emakumezko Absolutu mailan jokatuko du beste 11 traineruren kontra, eta 4.000 metroko ibilbidea egin beharko dute, Zarautzeko arraun elkartetik atera eta Oriako zubian bukatzeko. Beste kategoria guztiak kontuan hartuta, guztira, 79 traineruak hartuko dute parte, eta ibilbide luzeena 6.000 metrokoa izango da: Aginatik Oriako zubirainokoa.
Kamixetan, ‘Gure Esku Dago’
Gaurko Kontxa Txikia aldarrikapen txiki bat egiteko ere erabili nahi izan du hernaniarren taldeak.
«Betuloko arraunlariak ere independentistak dira, eta ados agertu direnez, Gure Esku Dago ekimenaren aldeko kamixetak jantziko ditugu».
Entrenatzeko tarte txikia
Xabier Gurrutxagaren esanetan, «ikusi egin behar, nola moldatzen diren bi taldeetako neskak». Izan ere, elkarrekin entrenatzeko tarte bakarra izan dute; atzo.
«Guk oraindik ez dugu esperientzia haundirik trainerutan, eta arraunlariak ez daude ohituta traineruko toki jakin batera. Baina, oraingoan, gainera, beste talde batekin aritu beharko dugu, eta tarte bakarra izango dugu entrenatzeko! Bestalde, haiek 25-30 urte ingurukoak dira, eta gureak 17-20 ingurukoak. Esaten digute: Zuen amak garela emango du!».
Maila altua nabarmena
Gaurko estropadan helburu argia dutela dio entrenatzaileak: «ondo pasatzea eta esperientzia berri bat bizitzea Badakigu ingurukoen maila zein den!».
Hernaniarrek salto haundia eman dute entrenatzailearen ustetan. «Lehengo urtean jubeniletan jokatzen genuen, eta aurten absolutuetan ematen dugu izena. Aldea nabaria da. Pentsa, batel ligan, 1.000 metroko estropadak egitetik 2.000 metrokoak egitera pasa gara. Bikoitza! Trainerillatan, berriz, 3.500 egin behar izaten dira, eta gaurkoan, 4.000! Ligan gure kontra aritzen direnak ezagutzen ditugu, eta badakigu nola ibiltzen garen haien ondoan. Baina esan beharra dago jubenil mailakoen estropadetan izaten diren denborak kontuan hartuta, oso ondo gabiltzala gu ere, eta absolutuetan onenek ateratzen diguten denbora gehienez ere 40 segundutakoa izaten da. Oso ondo ari gara, eta garrantzitsuena pixkanaka joatea eta taldea sendotzea da».
Bihar, Zumaian
Gaurko estropada neguko garrantzitsuenetako izaten da, baina ligak ere aurrera jarraitzen du.
Aste Santura arte estropada dezente gelditzen dira oraindik Gipuzkoako Batel Ligan. Are gehiago, azken asteetako denboraleen ondorioz atzeratutakoak kontuan hartuta. Hori horrela, bihar Zumaian izango dute zita batel hernaniarrek, 10:30etan.