udaleko oposizioak, EAJ, PSE-EE eta Hamaikabat alderdiko bozeramaileek prentsaurrekoa eman zuten atzo udaletxean, kontratazioen gaia dela eta, Udal Gobernu Taldeak duen jarrera salatu eta erantzunkizunak eskatzeko.
Prentsaurrean azaldu zuten, oposizioaren lanari esker jakin dela Hernaniko Udala ez dela legea betetzen ari kontratazioetan: «Uralde Iturgintza S.L enpresa behin eta berriz kontratatu da legegintzaldia hasi zenetik. Enpresa honetako jabea Idurre Conde Bilduko zinegotziaren senarra da». Oposizioaren esanetan, legeak debekatu egiten du zinegotzien senar-emazteen enpresak kontratatzea: «ezin dira kontratatu kargua duten zinegotzien senar emazteen enpresak, hala dio azaroaren 14ko 3/2011 Errege Dekretu Legegileak».
«Erantzuna pasibotasuna eta ardura eza izan da»
Asteartean izandako Bozeramaileen Batzordeari buruz ere hitz egin zuten prentsaurrean. Oposizioaren esanetan, azalpenak espero zituzten eta pasibotasuna eta ardura eza jaso zuten erantzun gisa: «enpresa hau urteetan sistematikoki lan egindakoa zela izan zen erantzunetako bat, eta hori gure ustez, ezin da aitzakia izan. Alkateak lege honen berririk ez zuela ere esan zuen, eta horrek ez du duen arduraz libratzen. Herritarrek ere, ez dituzte lege guztiak ezagutzen, baina bete egin behar izaten dituzte».
Bestalde, Andoni Amonarraizek azaldu zuen, berak, pertsonalki legegintzaldi hasieran ohartarazi ziola zinegotziari, kontratazioen kontuan legeak zer zioen.
Udaleko teknikarien informea izanda, kanpoan beste bat eskatu izana lotsagarria dela ere esan zuten hiru bozeramaileek: «kanpoan eskatutako informe horren helburua da gertatutakoaren ardura teknikoei egoztea, eta ez Gobernu Taldeko politikariei».
«Zeren zain dago Alkatea neurriak hartzeko?»
Udaletxean ardura gehiena duen pertsona ez dela erabakiak hartzera ausartzen azaldu zuten eta hainbat galdera egin zituzten: «Zeren zain dago Alkatea duen ardura onartu eta neurriak hartzeko? Ez al da nahikoa Udaleko teknikariek egindako txostena? Non dago Bilduk hauteskundeetako programan aipatzen zituen transparentzia eta zintzotasuna?»
Oposizioaren ustez, gertatutakoaren ardura zeinena den zehaztu zuten: «Idurre Condek ardura politikoa du, bi gauzak konpatibleak ez zirela ez jakinarazteagatik; Asier San Emeterio Zerbitzuetako arduradunaren eta Gloria Mendinueta Gizarte Zerbitzuetako arduradunaren erantzunkizuna ere bada, kontratu horiek sinatzeagatik. Eta azken ardura Luis Intxauspe Alkatearena da, onartu izanagatik. Luis Intxauspe Alkateari exigitzen diogu ardura zeinena den lehenbailehen argitzea; baita ere bere ardura hirugarren bati ez egoztea eta hartu behar diren neurriak hartzea».