Emakumeen autonomia indartzeko bost tailer, ekainera bitartean

Kronika - Erredakzioa 2014ko ots. 14a, 01:00

Emakumeek autonomia izatea bilatzen dute Jabetze Eskolek, bizitzari aurre egiteko indarra eta konfiantza izatea. Bide horretan, bost tailer antolatu ditu Udaleko Ber­dintasun Kon­tseiluak. Otsai­letik ekainera izango dira guztiak, egun batekoak ba­tzuk, eta gehiagokoak besteak.

Emakume idazleak eta nobela historikoa, lehenengo tailerrean
Sei saio izango ditu Kultura birdefinitzen izeneko tailerrak. Ema­kumeei eta beraien historiei buruz idatzi zuten emakume nobelagileak az­ter­tuko dira tailer honetan. Martxoaren 6 eta 20an, apirilaren 10ean, maiatzaren 8 eta 22an eta ekainaren 5ean izango dira saioak. Plaza Fe­ministan izango dira guztiak 18:30etatik 20:30etara. 12 orduko tailerra izango da, 12 euroko prezioarekin.

Autoa prest izateko, mekanika tailerra
Emakumeek eta gizonek gaitasun berdinak dituztela eta, praktikan ere hala sentitzeko mekanika tailerra antolatu dute. Autoaren osagai nagusiak zeintzuk diren eta non dauden ikasiko dute, eta bide batez, oinarrizko ezagutza jasoko dute autoa prest izan eta mantentze lanak egiteko. 3 orduko ikastaroa da, apirilaren 5ean, 10:00etatik 13:00etara. Prezioa, 3 euro. 

Gorputza ezagutzeko tailerra, hirugarrena
Osasuna izena du hirugarren tailerrak. Zoru pelbikoa ezagutzea da honen helburua, fisioterapia, sexologia eta kontzientzia hartzeko ikuspegiak landuko dira. Ez da lesioak sendatzeko ikastaroa izango, aurrea hartzeko baizik. Hiru saio izango dira, martxoaren 15, 22 eta 29an, euskeraz. Biterin emango dute, 09:30etatik 12:30etara. Prezioa, 9 euro.

Nola erlazionatzen gara?
Norbere buruarekin eta bikotearekin erlazionatzeko mo­dua aztertuko dute laugarren tailerrean. Indarkeria ate azpitik sartzen uzten al dugu? Otsailaren 27tik apirilaren 10era izango da tailerra, 21 ordukoa. Gaz­telaniaz emango dute, Biterin, 17:00­etatik 20:00­etara. Prezioa 21 eurokoa da.

‘Maitasuna, bikotea eta itunak’ tailerra, maiatzean
Lotura, segurtasuna, zerbait garela sentitzea... behar batzuk ditu gizakiak. Maitasuna guk ezagutzen dugun bezala izan al da beti? Maitasuna, bikotea eta itunak tailerra emango dute Plaza Fe­mi­nis­tan, maia­tzaren 10ean; 09:30-13:30 eta 15:00-19:00 ordutegian izango da. Prezioa, 8 euro.

Izen ematea, asteartera arte
Tailerretan parte hartu nahi dutenek asteartera arte dute izena emateko aukera: 943 33 70 17, maialen-a@hernani.net edo Udal Berdintasun arloan, Plaza Feministaren lokalean. Izena ematean eskatzen dutenentzat haurtzaindegi zerbi­tzua egongo da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!