Hogeita bat gazte lokal identifikatu ditu Aztikerrek Hernanin eta mapa sortu du. Galderak egin dizkie bertan elkartzen diren lagun eta koadrilei, eta prozesuaren aurreneko fasearekin bukatzeko, bi bilera ere egin dituzte. Gazteak elkartu dira batetik, dituzten arazo, gabezi, behar eta nahien inguruan aritzeko. Eta gazteen guraso, lokaletako jabe eta bizilagunak bestetik, elkarbizitzak dituen onura eta arazoen inguruan hitz egiteko. Gazte lokalen fenomenoa errealite bihurtu da Hernanin azken urteetan, eta Udalak protokoloa adostu nahi du, inplikatu guztien arteko elkarbizitza ona izateko.
Beharrak identifikatu eta proposamenak egin
Protokolo adostu bat lortzea da azken helburua, eta bide horretan, hiru bilera egingo dituzte, guztiek elkarrekin. Gazteak, gurasoak, bizilagunak eta jabeak, hau da, inplikatu guztiak elkartuko dira, 18:30etatik aurrera, Biterin. Fase honetan, batetik lortu nahi da bizilagunak gazteen lokaletara gerturatzea, hau da, beraien errealitatea ezagutzea; eta bestetik, gazteek bizilagunen kezkak, jarrera eta egoera ezagutzea.
Gaur izango da aurreneko bilera, eta bertan, elkarbizitza sustatze aldera, egoeraren diagnosia egingo dute: Nolakoa da elkarbizitza? Zein da egoera? Eta beharrak? Inplikatu guztiak elkartzearen helburua da, bata bestearen errealitatearen jabe izatea, eta elkarrekin eman beharreko pausuak adostea.
Bigarren bileran, otsailaren 27an, elkarbizitzak nolakoa izan beharko lukeen aztertuko dute. Proposamenak egitea eta eman beharreko pausuak zehaztea izango da saio honetako eginbeharra.
Eta azkenik, martxoaren 13ko bilera, hirugarrena, zehatzagoa izango da. Identifikatu diren arazo edo egoerei buelta nola eman aztertuko dute, bakoitza zer egiteko prest dagoen azaldu, lokalek izan behar dituzten minimoak zein diren zehaztu...
Saioetara azaltzea,
garrantzitsua
Hogeita bi lagun inguru elkartu dira orain arteko saioetan: 8 gazteen saioan eta 14 bizilagun, guraso eta jabeenean. Aztikerrek azaldu duenez, errealitate ezberdinekin egin dute topo: «gazteek jarrera irekia azaldu dute, ulerkorra. Bizilagunen kasuan, iritzi gehiago jaso ditugu. Batzuk garbi daukate lokalak beharrezkoak direla gazteen edo koadrilen aisialdirako, beti ere, elkarbizitza ona edo osasuntsua bada. Beste alde batetik arazoak izan dituztenak daude, eta horiek kezka haundia azaldu dute».
Iritzi eta errealitate guztiak jakitearen beharra azpimarratu dute, eta horregatik, dei egin diete herritarrei datozen saioetara azaltzeko.