Bozeramaileen Batzordea bildu zen atzo eguerdian Alkatetzan, udaletxeko kontratazioen inguruan hitz egiteko. Gobernu Taldeak Batzorde honen inguruko azalpenak eman ditu, Kronikara bidalitako prentsa oharrean.
Gobernu taldeak argi utzi nahi du oharraren hasieratik, legegintzaldia hasi zenetik ez dutela kontratazio prozedura ezberdinik jarri martxan: «Bozeramaileen Batzordea elkartu zen atzo eguerdian, Hamaikabetek eskatutako txostenaren inguruan hitz egiteko. Guk argi utzi nahi dugu ez dugula prozedura berezirik jarri martxan, eta ezta ere enpresarik kontratatu, familiakideak izateagatik. Aipatutako enpresak Udalarekin hamarkadetan zehar egin du lana, eta talde politiko ezberdinak agintean zeudela izan da kontratatua».
«Ez digute legez kontrakoa zenik jakinarazi»
Oharrean diote, txostenaren aurretik, Gobernu Talde honi inork ez diola esan legez kontrakoa zenik: «txosten hau jaso aurretik, inongo momentuan ez udal teknikariek, ez udal langileek, eta ez urte luzeetan zehar Hernaniko oposizioko zinegotzi izan direnek ere, ez diote Udal Gobernu honi jakinarazi legez kontrakoa zenik bere jarduna».
«Txostena aztertu
ondoren emango dugu
erabakien berri»
Egoera ikusita, kontratazio publikoan aditua den abokatuari txostena eskatzea erabaki duela dio, Gobernu Taldeak: «hau guztiagatik, orain artean izan dugun informazio eza ikusita eta akusazio larrien aurrean arduraz jokatuz, erabaki dugu gai honen inguruko txostena eskatzea kontratazio publikoan aditua den Miguel Garcia Rescalvo abokatuari. Erabakiaren berri txostena aztertu ondoren emango dugu».