Astigarragak herri eskola izango du irailetik aurrera. Erreleboa hartuko dio orain arteko Arantzazuko Ama ikastolari, eta ikastetxe autonomo gisa funtzionatuko du. Ikasturte berrirako dena martxan egon dadin, besteak beste, logotipoa jartzeko lehiaketa jarri dute martxan. Parte hartu nahi duenak otsailaren 24ra arte du lanak entregatzeko aukera. Bete beharreko baldintzetako batzuk dira: Astigarragan erroldatua egotea edo ikastolarekin harremana izatea. Bakoitzak, gehienez, lan bat aurkeztu dezake, eta jatorrizkoa eta argitaratu gabea izan behar da; ezin dira kopiak izan, ezta zati batean ere. Logotipoaren testua izan behar da: Astigarragako Herri Eskola.
Bete beharreko baldintzak
Ezaugarri teknikoei dagokienez, hauek bete behar dira: logotipoa bi formatutan aurkeztu behar da, laukizuzen gisa eta lauki karratu formakoa; txuri-beltzean eta koloretan (gehienez 2 kolore); JPG edo DOC formatuetan; paperean (lodia) eta euskarri digitalean (CD, Pen Drive) entregatu behar dira. Logotipoarekin batera azalpena ere aurkeztu behar da: labur, zer den, zer adierazten duen, irudiaren osagaiak; eta bestelako proposamenak ere egin daitezke, irudi korporatiboaren inguruan, hau da, letra mota...
Non eta nola aurkeztu
Proposamen bakoitzeko bi kartazal aurkeztu behar dira (A eta B) eta bakoitzaren kanpoan egilearen izengoitia jarri behar da. A kartazalean bi dokumentu sartu behar dira: nortasun agiriaren fotokopia eta orri bat izen-abizenak, helbidea, telefonoa eta helbide elektronikoarekin. B kartazalean berriz, logotipo proposamena aukeztuko da, paperean eta euskarri elektronikoan.
Lanak Arantzazuko Ama ikastolan aurkeztu behar dira; eskura eman edo postaz bidali daitezke. Helbidea: Arantzazuko Ama Ikastola, Santio Zearra 8, 20015, Astigarraga. Informazio gehiago: www. arantzazukoama.org
Epaimahaian,
eskolako ordezkariak
Eskolako komunitateko ordezkariek osatuko dute epaimahaia: bi guraso, bi irakasle, langile ez dozente bat eta 6garren mailako bi ikasle.
Saria 300 euroko erosketa txartela izango da, Astigarragako dendaren batean gastatzeko.