«Emakumeok dugun erabakitze eskubidean dago eztabaida, gure gorputzaren jabe gara»

Kronika - Erredakzioa 2014ko ots. 11a, 01:00

Abortuaren gaia lantzeko Asanblada Feminista dei­tu dute gaur Hernaniko sei taldek: Hernaniko Bil­gune Feministak, Kafeta Femi­nis­tak, Gazte Asanbladak, Er­naik, Katxazarrak eta Ikasle Abertzaleak. Justizia Minis­terioak proposatu duen lege erreformaren inguruan ariko dira. Gure gorputza, gure erabakia. Abortuaren gaia lantzeko asanblada Feminista da gaia, eta Biteri kultur etxean izango da, 19:00etan hasita. Ahalik eta herritar gehien elkartzea nahi dute, guztien artean erantzuna zein izango den pentsatzeko. Egoera zein den aztertuko dute lehendabizi eta ondoren, honen inguruko iritzia ematea, hausnartzea eta eztabaida­tzea izango da helburua.

«Gurea gorputza, gurea erabakia»
Gaia landu aurretik, eztabaida bera non dagoen kokatzea da aurreneko pausua, eta gaurko deialdia egin dutenek argi dute: «eztabaida ez da bizitza ote dagoen, abortuak bizia hiltzen duen... gure ustez, eztabaida dago emakumeok dugun erabaki­tze eskubidean, emakumeok gure gorputzaren jabe garela aldarrikatu behar dugu. Gure erabakia da gorputzarekin zer egin, ama izan ala ez izan, noiz izan... ez elizarena, estatuarena edo beste instituzioren batena».

«Haurdunaldia eteten duten 10etik 9k ez dute haurdun geratu nahi»
Plataforma feministak dio, eztabaida etika moralaren al­detik enfokatu dutela eta errea­litateari buruzko da­tuak manipulatu egin dituztela: «familia eredu tradizionala, patriarkala eta heteronormatiboa indartu nahi dute». Bestalde, plataformako kideek diote, haurdunaldia bertan behara uztea erabaki­tzen duten emakume gehienek arrazoi bera dutela: «10etik 9k ez dute haurdun geratu nahi, eta hori izaten da arrazoia. Jakin eta berehala hartutako erabakia izaten da. Abortuen %97,7a aurreneko asteetan praktikatzen da. Abortatzea beraz, ez da inkontzienteki eta kapritxoz hartutako erabaia izaten, modu kontzientean hartutakoa baizik. Badakigu gure gorputzarekin eta bizitzarekin zer egin nahi dugun, askeak garelako. Eskubidea dugu gure gorputzaz, sexualitateaz eta bizitzaz nahi dugun bezala gozatzeko».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!