Ostiralean kontzentrazioa egin zen Zinkoenean Etxeratek deituta, Arkaitz Bellon presoaren heriotza salatzeko. Kontzentrazioaren ondoren, senide batzuk kotxea hartu eta presoen argazkien panelak jasotzera abiatu ziren, baina salatu dute «ertzainen lau pa-truilak jarraitu eta argazkiak kendu» zizkietela.
«Ertzainen jarrera salatu nahi dugu, sententzia batek arrazoia ematen digulako»
Elias Miner senideak adierazi du ertzainen jarrera salatu nahi dutela.
«2009ko abuztuan ere kendu zizkiguten argazki batzuk. Baina, ondoren, sententzia batek arrazoia eman zigun eta adierazi zuen argazkiak edukitzea ez dela delitu. Ostiralean horixe bera azaldu genien ertzainei, eta, bide batez, esan genien argazki haiek ere oraindik ez dizkigutela itzuli. Baina ertzainen erantzuna izan zen agindua zutela argazkiak kentzeko».
20 egunez zain
Elias Miner senidearen datuak hartu zituzten ertzainek eta orain, 20 egunez itxoin beharko du zer gertatuko den jakiteko.
«Nire datuak hartu zituzten, eta 20 egunez itxoin beharko dudala esan zidaten, bide judizialik irekiko ote den , eta argazkiekin zer gertatuko den jakiteko».
«Egun mingarrian»
Bestalde, Minerrek azaldu du senideek bereziki salatu nahi dutela «ertzainek izandako jarrera eta argazkiak kentzea guretzat mingarria zen egun batean. 26 argazki kendu dizkigute».
Izan ere, ostiraleko kontzentrazioan Arkaitz Bellon preso elorriotarraren heriotza salatu zuten.
«Arkaitz Bellon euskal presoaren heriotza gaur egun daukagun espetxe politikaren ondorioa da, sakabanaketa politikoaren ondorio. Eta hori salatu nahi genuen egun mingarrian etorri dira ertzainak».