Luis Telleria Garin izango da 2014 urteko Hernaniar Bikaina. Xalaparta Elkarteak izendatuko du, ekainean egingo duten ekitaldian. Telleria izendatzea igandean erabaki zuten, Xalaparta elkartean izandako asanbladan: «urte guzti hauetan, artean eta beste hainbat alorretan izandako ibilbideagatik aukeratu dugu». Ilusio haundiarekin jaso du Telleriak notizia. Lehendik ere sariak jasotakoa da hernaniarra, baina etxean ematea berezia dela dio: «egindako lanarengatik jaso izan ditut sariak lehen ere, baina normalean, zerbaiti emanak izan dira, hau da, lan konkretu bati emanak... Orain, urte guzti hauetako lanarengatik, ibilbidearengatik emango didate. Hernaniar Bikaina izendatzea aitortza da niretzat, eta horregatik egiten dit ilusio berezia. Gainera, Hernanin emango didate, etxean. Lehen ere egon izan nahiz ni halako ekitaldietan, eta orain nik jasoko dudala pentsatzeak poz haundia ematen dit. Egun oso berezia izango da, emozionantea».
Pintura, musika, koroa,
dantza... ibilbide zabala
Izen haundiko artista da Luis Telleria. Pinturan, eskulturan eta artearekin lotutako beste hainbat alorretan 300dik gora lan egindakoa da hernaniarra eta horiengatik hainbat sari jasotakoa. Bere lanak bertan eta nazioartean daude ikusgai: Hernanin, Donostian, Madrilen, Caceresen, Zaragozan, Cadizen, Oñatin, Frantzian, Italian, Alemanian...
Parrokiko abesbatzako kidea ere bada Telleria, 1957tik. Schola Cantorum, Ochote Gazteak eta Santa Agendako abesbatzetan ere, aritua da. Dantzan ere utzi du ondorena Telleriak, Kriskitiña taldeko sortzaileetako bat baita, eta baita presidentea izandakoa ere.
Kirolari dagokionean, CD Hernanin aritua da urte askotan: atletismoan, pertiga saltoan aritzen zen, eta eskubaloian ere ibilbide luzea izan zuen. 8 denboralditan jokatu zuen CD Hernanirekin eta entrenatzaile ere, izan zen. Ibilbidea medio, Hernaniko Udalaren eta Gipuzkoako Federazioaren aitortza jaso zuen.
Axeriaren figura eta dantza, berak sortua
Axeri Dantzako axeriaren figura ere Telleriak sortua da 1988an, eta baita bertan egiten den dantzaren koreografia ere. Joan den urtean bete ziren 25 urte, sortu zituela.