Datorren astean Antzerki Zikloa izango da Hernanin, eta sarrerak gaur jarriko dira salgai. Antzezlan bakoitzeko, 7 euroko sarrera ordaindu behar da, baina 3 egunetarako bonoak 16,50 euro balio ditu.
Sarrerak Biterin erosi daitezke, goizez, 09:00etatik 13:00etara, eta arratsaldez, 18:00etatik 20:00etara.
Obra guztiak Biterin antzeztuko dira, iluntzeko 20:00etan hasita, datorren asteko astearte, asteazken eta ostegunean.
Bi hernaniar, asteartean eta asteazkenean
Hiru antzezlan ikusteko aukera izango da datorren asteko Antzerki Zikloan, eta horietako bitan aktore hernaniarrak ariko dira lanean.
Otsailaren 18an Hiru obra antzeztuko dute lau aktorek; tartean, Miren Gojenola hernaniarrak.
Otsailaren 19an, berriz, Terapias ikusteko aukera izango da, eta bertako aktoreen artean lanean ariko da Mikel Laskurain hernaniarra.
Otsailaren 20ko antzezlanean hernaniarrik ez dago, baina ondo ezagunak dira bertan ariko diren aktoreak ere.
Umorea, jaun eta jabe
Antzerki Ziklo hau osatzen duten hiru obrek umorea izango dute ardatz.
Lantzen diren gaietako batzuek gizakiaren pena eta mixeriak aterako dituzte jendaurrera, baina umorea nagusituko da taula gainean. Barre egiteko gogoa duenak aukera polita izango du datorren astean.
Hiru - Txalo produkzioak
Adela, Maite eta Nekane aspaldiko lagunak elkartu egingo dira berriro, berrogeita hamar urte betetzera doazela. Inork ez du oraindik ama izateko ametsa bete. Baina, beranduegi al da? Gizon katxarro bat aurkituko ote dute hirurak haurdun uzteko prest egongo dena?
l Aktoreak: Loli Astoreka, Miren Gojenola, Ana Elordi eta Zuhaitz Gurrutxaga.
l Zuzendaria: Begoña Bilbao.
l Hizkuntza: euskera.
Terapias - Vaivén producciones
Komedia honetako protagonistak oreka emozionalaren bila dabiltza. Menpeko harremanetatik ihes egin nahi dute, eta beren identitate sexuala argitu. Baina tarteka estropezu egingo dute, eta eskrupulorik gabeko terapeutekin egingo dute topo.
l Aktoreak: Dorleta Urretabizkaia, Mikel Losada, Mikel Laskurain, Ane Gabarain, Ana Pimienta, Kepa Errasti eta Asier Oruesagasti.
l Zuzendaria: Rafael Calatayud.
l Hizkuntza: erdera.
Kokakola eta barea - Xentimorik gabe
Ez Dok Amairu mugarri izan zen euskal kantagintzaren eta kulturaren historian. Inork gutxik daki, ordea, artista haien tartean ibili zirela Ramon eta Inazio, hau da, Ray eta Nik ere. Beren aholkuei esker lortu zuten arrakasta Letek edo Lertxundik, eta abesti famaturen bat plagiatu egin omen zien norbaitek...
l Aktoreak: Ramon Agirre eta Inazio Tolosa.
l Zuzendaria: Hasier Sota.
l Hizkuntza: euskera.