Pintura errealista, lau haizetara

Kronika - Erredakzioa 2014ko ots. 9a, 01:00

Victor Goikoetxea hernaniarrak maiatzean jarriko du Suitzako La Villa de Meniers herriko plaza nagusian 80 metro karratuko murala. Horrez gain, hainbat proiektu dauzka eskuartean.

Gero eta ezagunagoa da Victor Goikoetxea hernaniarraren pintura errealista. Etenik gabe ari da baterako eta besterako lanak presta­tzen, eta maiatzean Suitzan jarriko du bere lana, La Villa de Meniers herrian (Ginebra). 80 m2-ko lana da, eta herri erdi erdian jarriko du, plaza nagusian. La Villa de Meniers herriak 15.000 biztanle ditu, eta plaza berria egiten ari dira, hain zuzen, plazarik ez zuelako. Plaza soziala edo denon­tzako plaza deitu diote, iparraldeko herrietako ereduari segika egin dutena. Bertan joango dira haur eskola, zentro zibikoa, zelai berde bat eta abar. Plazaren azpian parkina egingo dute, eta hain zuzen, parkinaren irteera horretan egingo du murala hernaniarrak, irteera hori leku horretan integratzeko. Victor Goikoetxeak Suitza egindako erakusketa batean ezagutu zuten bere teknika La Villa de Menierseko arduradunek, eta handik deitu, konkurtso batera aurkeztu eta irabazi egin zuen. Berez bi mural dira, bat kanpoan egingo duena, eta bestea barruan. Kanpokoak 45 m2 ditu, eta bertan azaltzen dira Suitzako intxaurrondorik haundiena (La Villa de Meniersen dago), herriko futbol zelai zaharra, behiak ura edateko aska zaharra... Barruko muralak 25 m2 ditu, eta memoria historikoari buruz hitz egiten du: ardoa, garia...

8 metro luzeko bi mural, Bartzelonako Gran Via de las Cors Catalanseko 608 zenbakian
Suitzakoaz gain, beste lauzpabost lan behintzat baditu eskuartean hernaniarrak. Esanguratsuena, Bartzelonako portal klasiko bat dekoratzeko egin duen lana. Hain zuzen, Gran Via de las Cors Catalanseko 608 zenbakian bulegoak daude, eta hango sarreran bi mural jarriko ditu, ezker eskubi, berak hain ondo dominatzen duen trompe l’oil teknikarekin eginak. Funtsean, etxe horren goiko pixutik ikusten den panoramika marraztu du Goikoetxeak. Suitzan bertan, eta herri berean, etxe partikular batean 15 m2ko murala egin du Veneziako paisajearekin, eta neurri berekoa ez bada ere, Nafarroako baserri partikular bateko fatxadan beste lan bat egin du, Sorollak egindako pinturetan oinarrituta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!