Urumeako Kronika martxan izango da martxoaren 1etik aurrera. Urumea bailara ez da berria, urte askotan harreman sendoa izan dute bertako herritarrek, eta oraindik nabarmena da herri batzuk besteekin duten lotura. Urumeako Kronikak bailarako goiko herriak bilduko ditu: Goizueta, Arano, Ereñotzu, Hernani eta Astigarraga.
Dobera Euskara Elkarteak egindako proposamena da eta bete nahi diren zenbait helburu hauek dira: bailara baten oihartzuna izatea, bailarako informazioa zabaltzea, herritarren iritziak zabaltzea eta euskeraren normalizazioan eragitea. Bi formatu izango ditu: paperezkoa eta digitala, eta biak euskera hutsean izango dira. Debalde izango da, herritar guztiei begira egina.
Jarraipena, bailaran
gertatzen den guztiari
Lehendik ere, Hernaniko Kronikak atera izan ditu herri horietako albiste batzuk. Orain, herri guztiek izango dute leku bat bai paperezko edizioan eta baita webgunean ere. Bailaran gertatzen denari egingo zaio jarraipena: kirola, kultura, ekitaldiak, politika, gastronomia, aisia... Orain arte bezala, lan guzti hori burutzeko, kontuan hartuko da herritarren laguntza: banaka edo taldeka, beraiekin egingo da lana.
Webgunean eta sare
sozialetan, egunero
Urumeako Kronika egunero-egunero berrituko da interneten: web orrian, Facebooken eta Twitterren... kronika.net izango da web orriaren helbidea, orain arte bezala eta martxoaren 1etik aurrera diseinu berria izango du. Egunero eguneratuko da web orria, aipatutako herriek sortuko dituzten berriekin. Eguneko notizia guztiak portadan edo hasierako orrian azalduko dira; eta bestalde, herri bakoitzak banaka izango du bere atala edo lekua.
Facebook eta Twiterreko perfiletan egin da aldaketa, eta Urumeako Kronika izena dute dagoeneko. Bertan zabalduko dira eguneko notiziak eta argazkiak.
Paperean: Urumea, Astigarraga eta Hernani
Papereko edizioari dagokionean, Urumeako Kronika larunbatetan argitaratuko da eta gutxienez 16 orrialde izango ditu. Bertan izango dute presentzia aipatutako herri guztiek: Astigarragak, Hernanik, Ereñotzuk, Aranok eta Goizuetak.
Astigarragak bere Kronika ere izango du. Bertako albisteak bakarrik bilduko ditu asteazkenetan. A3 formatukoa izango da eta bi orrialde izango ditu.
Eta Hernaniko Kronikak orain arte bezala jarraituko du; aldaketa bakarra da, larunbateko edizioa Urumeako Kronika izango dela, lehen aipatutako edizio bateratua, 16 orrialdetakoa.