Furgoneta berri bat erosteko dirua biltzeko kanpaina jarri du martxan Mirentxinek. «Helburu argia dugu: furgoneta lortzea. Eta horretarako, 27.000 euro behar ditugu».
Euskal presoak bisitatzera joaten diren senide eta lagunei bidaia errazteko asmoz sortu zen Mirentxin, 2000 urte inguruan. Espetxeetara bidaiatzeko furgoneta eta gidari sarea antolatzeaz arduratzen da. Durangon hasi zen egitasmoa, baina egun Euskal Herriko hainbat eskualdetara zabaldu da.
Hernanin 72 gidari daude, 6 gidaritako 12 taldetan banatuta, eta hilabetero 3 bidaia egiten dituzte. Horretarako duten furgoneta bakarrak 300.000km-tik gora egin ditu, dagoeneko, 3 urtetan. «Azken konponketan 3.000 euro gastatu genituen, eta edozein momentutan pum! egin dezake. Furgoneta berri bat behar dugu hori gertatu baino lehen. Ez dugu nahi espetxera iritsi baino lehen karreteran ez atzera ez aurrera gelditu, eta bisita galdu».
«Mirentxin gabe ezingo genituzke bidaiak egin»
Elias Miner da Mirentxin zerbitzua erabiltzen duen hernaniarretako bat. «1989an Frantziako eta Espainiako Estatuek martxan jarri zuten sakabanaketa politikaren ondorioz behar bat sortu zen, eta behar horri erantzuten dio Mirentxinek. Gainera, senideen arteko kohesioa indartzen du. Izugarri eskertzen dugu egiten dutena, bestela, ezingo genituzke bidaiak egin».
Izan ere, Minerren esanetan, sakabanaketa politika baino lehen, 40 euskal preso inguru egon zitezkeen espetxe berean, eta familiak elkartu egiten ziren autobus bat alokatzeko. «Baina sakabanaketaren ondorioz, espetxe berean ez dira 10-15 preso baino gehiago izaten, eta orduan, ezinezkoa da autobus bat alokatzea. Beste aukera bat da bidaia hegazkinez egitea eta gaua pentsioren batean pasatzea; erosoagoa da eta ez dugu inor molestatzen, baina ikaragarri garestia da».
«Urtean bidaia bat gogorra bada, pentsa, astebururo!»
Eneko Aristimuño, Bingen Larrarte, Iñaut Zabala eta Jokin Apezetxea dira Hernaniko 72 gidarietako batzuk. «Guk urtean bidaia bakarra egiten dugu, eta oso gogorra da. Orduan, pentsa zer izango den senideentzat! Gainera, asko helduak dira, furgonetan egiten dute lo... Eta guri pentsioa ordaintzen digute! Ikaragarria da!».
Tartean, gainera, esperientzia txarren bat ere izan dute. «Beti zoaz tentsioan, bereziki, bisitara iritsi artean. Gainera, batzuetan gertatzen dira... Behin harriak bota zizkiguten furgonetara, eta autopistan segika izan genituen».
Bertso-afaria, ostiralean
Dirua biltzeko ekimenen artean, bertso-afaria egingo da hilak 14an Elutxetan. Maialen Lujanbio, Agin Laburu, Aitor Mendiluze eta Unai Agirre ariko dira bertsotan. Sarrerak salgai daude Garin, Rioja, Onddi eta Tripontzin.