SAILKATU dituzte jasotako elikagai guztiak, produktuka, kaduzidade fetxa eta banaketa data kontuan izanda. 350.000 kilo janari eman zituzten gipuzkoarrek, Elikagaien Bankurako; aurreikusitakoa baino hiru aldiz gehiago. Kanpaina berezia deitu zuten azaroaren 29-30a bitarteko asteburuan, eta ordutik orain gutxira arte aritu dira pisaketa eta sailkatze lanetan. Pozik eta sinestu ezinda daude kanpainak izan duen erantzunarekin: «orain datu zehatzak ditugu eskuartean, eta iritsi da hauek zabaldu eta eskerrak emateko garaia» diote Carlos Martinez eta Tomas Loinazek.
Hernaniar bakoitzak, 600 gramo, bataz beste
Hernanin hiru puntutan egin zen bilketa: Dia, Lidl eta Eroski supermerkatuetan. Goizeko aurreneko ordutik izan zen mugimendua, eta berehala bete zituzten kaja hutsak: «aurreko egunetan gure artean aritu ginen zifra batzuen inguruan... Erronka zen Gipuzkoan 110.000 kilo jasotzea. Supermerkatuak ireki eta berahala hasi zen mugimendua, eta segituan konturatu ginen berrantolatu beharra genuela: kaja gehiago behar ziren, jasotakoa eraman behar zen... Guztira 11.346 kilo janari eman zituzten hernaniarrek. Sekulako erantzuna izan zen». Batazbesteko datuak ere, eman nahi izan dituzte Elikagaien Bankuko arduradunek. Kalkulatzen da, hernaniar bakoitzak 594 gramo eman zituela asteburu solidario horretan; eta familiako, 1,780 kilo gutxi gorabehera: «Hernani herri solidarioa dela ikusi da beste behin. Datuak oso onak dira. Gipuzkoan kalkulatzen da, 493 gramo eman zirela pertsonako, hemen baina 100 gutxiago; eta familiako berriz, Gipuzkoan 1,392 gramo eman ziren, Hernanin baino ia 400 gutxiago».
«Almazenatzeko lekurik gabe geratu ginen»
Gipuzkoako Elikagai bankuak Oiartzunen du egoitza nagusia, eta asmoa zen, Gipuzkoan bildutakoa bertara eramatea. Jasotako kopurua ikusita ordea, berehala konturatu ziren lekurik ez zutela: «kajak bete eta bete pasa genituen bi egunak, eta lokal haundi baten beharra ikusi genuen. Ibarluze poligonoan pabiloi haundi bat utzi zigun Oraunek, eta hori izan zen gure salbazioa. Jaso zenaren ehuneko haundiena bertan gorde eta sailkatu genuen».
Azarotik orain egun gutxira arte egon dira elikagaiak pisatu eta sailkatzen. Azkar kadukatzen direnak, edo garairako aproposak zirenak berehala banatu zituzten, eta gainontzekoak 15 eguneko lotetan sailkatu dituzte: «polboroiak, turroiak... eta halako produktuak Gabonetan banatu genituen, denek izan zezaten festa egun horietaz gozatzeko aukera. Bazeuden beste produktu batzuk ere, esne lote batzuk esaterako, berehala banatzea eskatzen zutenak. Gainontzeko guztiak 15 eguneko lotetan sailkatu ditugu, kaduzitatearen arabera banatzen joateko. Badugu denboraldi baterako jana, eta hori oso notizi ona da».
Ibarluze poligonoko pabiloiko lanak bukatuta, ustutzen hasteko garaia iritsi zaie; orain zentralera eramaten hastekoak dira: «pixkanaka dena Oiartzungo egoitza zentralera eraman nahi dugu, eta orain arte bezala, handik gestionatu».
«Bihar beharra norberak izan dezakeela jakiteak
animatu du jendea»
Kanpainaren berri komunikabideetan eman izanak garrantzia izan duela diote antolatzaileek, baina krisi egoerak jendea solidarioago egiten duela ere, badakite: «batek baino gehiagok esan zigun, bihar ni izan naiteke behar duena eta, nola ez dut ba lagunduko! Esaldi horrek definitzen du ondo, jendearen erantzuna».
«Eskerrik asko, guztioi»
Boluntarioei, elikagaiak eman zituztenei, Orauneri eta orokorrean, modu batera edo bestera lagundu zutenei eskerrak eman nahi dizkiete elikagai bankutik: «guztiei esker izan da posible».