Hernaniko PSE-EEk adierazi du, prentsa ohar bidez, eskaera egin duela ostiral honetan bozeramaileen ez-ohiko batzarra biltzeko. Bertan, alkateari eskatuko diote «Udal Gobernuak egindako kontratazio irregularren inguruko azalpenak emateko», eta azaldu dute «horren arabera erabakiko dela zein pausu eman, neurri legal edo politikoak hartzea baztertu gabe».
Kontratazio irregularren berri, udal txostenean
Talde sozialistak dio pasa den urtarrilaren 28ko plenoan herritar batek azalpenak eskatu zizkiola Udal Gobernuari, Udalak egindako kontratazio batzuen inguruan. Alkateak, berriz, «prentsan erantzun zuen ez duela ilegala den ezer egin, ez dagoela hori dioen udal txosten teknikorik, eta kanpo-txosten bat eskatuko zuela hori ziurtatzeko».
PSE-EEk azaldu du «talde sozialistak ez duela pentsatu Bilduk ilegala den ezer egin duenik, udal txosten bat ikusi arte». Talde sozialistaren arabera, «txosten horretan garbi geratzen da Udal Gobernuak kontratazio irregularrak egin dituela». Izan ere, «legeak debekatu egiten du zinegotzien bikotekideen enpresak kontratatzea».
Gardentasun falta
Bestalde, PSE-EEren ustez «alkateak eskatu nahi duen kanpo-txostena behar ez den gastua izango da, eta gainera, gardentasun faltaren eta obskurantismoaren adierazle dira kanpo-txosten hori nori kontratatuko dion ez azaltzea».