2013an Buruntzaldean gidabaimena euskaraz atera zuten 135 herritarren artean 400 euroko 11 sari zozketatu ziren atzo, Buruntzaldeako udaletako euskara batzordeek Astigarragan antolatutako ekitaldian. Bertan, Astigarragako kultura eta euskara zinegotzi Agin Laburuk eta Lasarte-Oriako euskara zinegotzi Boris Nogalesek azaldu zuten gero eta gehiago direla Buruntzaldean gidabaimenaren atal teorikoa euskaraz ateratzen duten herritarrak. 2010ean, 34 izan ziren; 2012an 112; eta iaz 135.
5 sari Hernaniko
autoeskoletara
Guztira 11 sari zozketatu ziren atzo; herri bakoitzean, bertan dagoen autoeskola adina sari. Hernanin 3 autoeskola daude: Otamendi, Lagunak eta Hernani. Baina inguruko herrietako jendeak ere autoeskola hauetan ikasten du. Horrela, bost saridun izan dira Hernaniko bi autoeskolatan: Otamendin, Julen Gaztañaga eta Jose Altuna hernaniarrak, Argoitz Otaño astigartarra eta Mikel Artola urnietarra; eta Hernani autoeskolan Ekiñe Arruti hernaniarra.