«25 postu jartzera iristea espero dugu»

Kronika - Erredakzioa 2014ko ots. 4a, 01:00

Larunbatean egingo da Bigarren Eskuko Azoka, eta oraindik bada izena emateko aukera. Aikari Lizasok kudeatzen du azoka, eta dagoeneko 17 postu daudela dio, baina 25era iristea espero dute.

Bigarren Eskuko Azoka jarriko da larunbat honetan Atsegindegin, 10:30etatik 13:30etara. Guztira, 60 bat posturentzako dago tokia, eta oraingoz, 17 dira izena eman dutenak. Izena emateko interesa duenak berrerabilpen zentrora jo behar du (Nafar kalea 19), edo harremanetan jarri telefonoz edo postaz: berrera2@gmail.com edo 661 331 113/ 682 741 366. Aikari Lizasok kudeatzen du azoka, eta «larunbaterako 25 postura iristea» espero dutela dio.


Azoka, hileko bigarren larunbatean
Urtarrileko azokan jarri zen postu kopurua normalean baino txikiagoa izan zen, Aikari Lizasok dioenez. Bere ustez, jaitsiera horren arrazoietako bat izan da azoka eguna aldatzea. «Agian orain­dik jendea ez da ohitu, eta itxaron egin beharko dugu. Azoka hileko bigarren larunbatera pasatzea erabaki dugu Behemendiko azokarekin bat egin dezan, egun horretan jende dezente ibil­tzen baita kalean. Hala ere, egun berean Donostiako Bi­garren Eskuko Azoka ere egiten da, eta ulertzen dugu batzuk hara joatea. Baina jendea hasi da Hernaniko postuetara hurbiltzen».

Martxotik aurrera, Urbietan
Aldaketa gehiago ere badituzte buruan. Oraingoz, azokak Atsegin­degin jarraituko du, baina, gutxi gorabehera martxotik aurrera postuak Urbieta kalean jartzeko as­moa dute. «Behemendiko azo­kan jende dezente ibil­tzen dela aprobetxatu nahi dugu Bigarren Eskuko Azo­ka Urbietan jar­tzeko, eta hartara, segida moduko bat emateko. Martxotik aurrera, edo eguraldi hobea egiten hasten duenean jarriko ditugu han postuak. Presentzia haundiagoa izango dugu».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!