«Lakasitoak jarri ditut kartelean inauteriek duten kolorea ondo adierazten baitute»

Kronika - Erredakzioa 2014ko ots. 2a, 01:00

Kolorez betetako lakasitoek iragarriko dituzte 2014ko Inauteriak. Hilabeteko azkeneko asteburuan ospatuko di­ra Hernanin, eta Naia Que­rejeta hondarribiarrak egin­dako kartelak iragarriko ditu. Aste honetan bertan jakin du notizia: «egia esan, berria jaso baino lehen nik deitu nuen, banekien eta, zein egunetan jakingo zen. Eta hura sorpresa galdetu eta irabazlea ni nin­tzela esan zidatenean!».

«Zailena da landu nahi duzun gai hori bilatzea»
Diseinatzailea da Naia Que­rejeta, eta bere burua kuriosa gisa definitzen du. La­ka­sitoen irudia eta tipografi berezi bat uztartu ditu kartelean: «azken finean irudi bat eta letra ba­tzuk uztartu ditut. Horri forma ematea da ondo egin beharreko lana; argazkia tratatu egin dut eta ondoren tipografia gehitu. Lakasitoak atentzioa eman izan didate beti, oso politak eta grafikoak irudi­tzen zaizkit. Jai guztiak izaten dira koloretsuak, eta inauteriak bereziki. Irudi hori kolorez betetako lakasitoek ondo erakusten dutela uste dut, indarra ematen diotela kartelari. » Kartela egiten hasi aurretik ordea, ideia bera garatzea izaten da zailena: «enkargu eta lehiaketa bakoitza mundu bat izaten da. Eskatzen dizuten horretara egokitu behar izaten da batzuetan, eta beste ba­tzuetan, askatasun gehiago izaten da. Zailena, nik uste, nahi duzun kontzeptu hori bilatu eta garatzea izaten da».

«Sariek beti laguntzen dute»
Lehendik ere aurkeztu izan da Naia Querejeta gisa honetako lehiaketetara. Hiruga­rren sari bat lortua zuen aurretik, baina kartel onenaren saria lehendabiziko aldiz lortu du: «Hondarribiarra naiz, eta bertako lehiaketetara aurkeztu izan naiz; irabazten dudan aurreneko aldia ordea, hau da. Lehiaketak loteria hutsa direla uste dut, hau da, irabaztea ez dela batere erraza. Noizbehinka helburua lor­tzeak ordea, poza ematen du, eta aurrera jarraitzeko animo gisa hartu dut. Lehiaketa hauen alde polita da, egindako lana jendeak ikusi egingo duela eta horrek motibatu egiten zaitu. Sariek ere, noski, beti laguntzen dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!