Oberango pagadi zoragarrian barrena ibiltzeko aukera izango da Mendiriz Mendiren hurrengo irteeran. Otsailaren 16an izango da. Irteera hau, Hernani ezagutuz egitasmoaren barruan antolatu dute.
Hernani inguruko pagadi zoragarriena Ibilbide honetan Hernani inguruan dagoen pagadi zoragarriena ezagutzeko aukera izango dugu. Oberango ibilbideak Hernani, Donostia eta Errenteriako udalerrien mugak zeharkatzen ditu. Ibilbide hasieran Urumeako bailaran oraindik ere aurkitu daitezkeen ibaiertz eder horietako baten albotik doa. Ur garden hauek Urumea ibaiaren garrantziaz ohartaraziko digute eta garbi mantentzeko garrantziaz jabetuko gara. Ondoren pagadian sartu eta ibilbide gehiena bere barrutik egingo da. Oberango pagadiak baso itzaltsu eta hezea osatzen du. Euskal Herriko gune askotan baso-landaketek pagoaren lekua hartu duten arren, Oberanen oraindik egoera oso onean kontserbatzen den pagadia aurkitu dezakegu eta duela 100 urte arte Hernaniko lurretan aurkitu genitzakeen pagoz osaturiko baso zabal eta ederren adibide bat dugu. Bere garrantzi faunistiko eta ekologikoa haundia da. Hernaniarren osasunerako ere gune garrantzitsua da, bertan jasotzen eta garbitzen baitira Añarbe urtegiko uren zati handi bat. Gaur egun ibilbide hau, bere osotasunean, marka txuri eta horiz markatuta dago. PR-Gi 1001 izenarekin balizatuta dago. Ibilbidea bi noranzkoetan egin daiteke, baina interesgarriago da hemen deskribatzen den eran egitea.
Hamaika ibilbideetako bat
Mendiriz Mendik urtero antolatzen du ibilbide bat Hernani ezagutuz egitasmoaren barruan. Hernaniko Ibilbide Sarea ezagutarazteko asmoz antolatzen da. Sarea osatzen duten ibilbide guztien helburua da Hernani eta bere inguruetako ondare kulturala, historikoa eta naturala ezagutaraztea, hernaniarrei aisialdirako aukera berriak ematea eta, nola ez, turismo berdea erakartzea dira.
Sare hau hamaika ibilbide ezberdinez dago osatua eta guztiak zirkularrak dira. Ibilbideak interes kultural, historiko eta naturaleko guneetatik pasatzen dira. Zailtasunari dagokionez, luzera izan ezik, ez dute inolako zailtasun aipagarririk eta jende guztiarentzat dira aproposak.
Sareari buruzko informazio gehiago, Udalak egindako esku-orrietan edo Mendiriz Mendi elkarteak ireki berri duen webgunean dago (www.mendirizmendi.com). Esku-orriak Turismo Bulegoan (Biteri) edota Mendiriz Mendiko bulegoan eskuratu daitezke.
Ibilbidearen deskribapena
NOLA IRITSI? Goizuetara doan GI-3410 errepidea hartu eta Ugaldetxo jatetxeraino hurbildu.
Ibilbidea Ugaldetxo jatetxean hasiko dugu. Ibaia eta jatetxearen artean doan pista hartu eta berehala dagoen bidebanatzean, eskubira hartu. Pista horri jarraitu, eta hurrengo bi bidebanatzetan ezkerrera hartu. Errekatxo baten gainetik pasa ondoren aurkituko dugun bidebanatzean eskubira hartu. Bidea pixkanaka Urumea ibaiaren ubidera jaitsiko da. Ondoren, igoera txiki baten ostean, pistak behera egiten du eta bailara txiki bat inguratuz Argorriko baserrira hurbiltzen da. Baserri hau XVIIIgarren mendekoa edo lehenagokoa da, Errenteria Udaleko artxiboetan Contribución de granos delako dokumentuetan baserri horri buruzko aipamen bat egiten baita 1819garren urtean.
Baserrira iritsi baino ehun metro lehenago, ezkerretara, aldapa gora doan bidea hartuko dugu. Beti gora eginez, aldapa gogor bati ekingo diogu zuzen, pista batetik hasieran eta bidezidorretik beranduago. 400 metro inguruko desnibela igotzen denez, hemen dago ibilbideko igoera gogor eta luzeena. Guztira ordu bete inguru izan daiteke. Igoeraren azkeneko zatian aurkituko ditugun mugarriek bidea adieraziko digute Saratzeko gailurrera iritsi arte.
Puntu honetatik aurrera, gainez gain joango gara pagadi barrutik. Bidean zehar mugarriek osatzen duten lerroa jarraituko dugu. Mugarri guztiak zenbakituta daude. MP121 bezala markatutako mugarrira iristerakoan, norabidea erabat aldatu eta ezkerrera, aldapa behera, egin behar da mugarrien lerroari oraindik ere jarraituz. Mugarrien lerroa jarraitu behar da MP147 mugarrira iritsi arte. Hori pasa ondoren, metro batzuk aurrerago dagoen bidebanatzean, ezkerrera hartu behar da.
Baso ilun batean sartu eta bide lau batetik jarraituz, ezkerretik datorren pistara aterako gara. Bertatik berehala Lizarregiko lepoan gara.
Lepoan aldapa behera doan bidea hartuko dugu. Berehala, pinudi batean sartu eta metro gutxitara ezkerrera jaisten den bidea hartu behar da. Eroritako baserri baten albotik pasa ondoren, bideak beherako joera nabaria hartuko du. Sigi-sagan, aldapa haundiarekin behera eginez, pista batera irtengo gara eta horri jarraituz berehala Aparraingo atsedenlekura iritsiko gara. Bertan aisialdirako mahaiak eta iturria daude.
Atsedenlekua inguratu ostean, pista zabaldu egiten da eta pixkanaka behera doa. Beti behera eginez, bide honek, ibilbidearen hasieran hartu dugun bidearekin bat eginez, Ugaldetxo jatetxera eramango gaitu.
Datu interesgarriak
Distantzia: 11 Km.
Denbora: 4 ordu.
Desnibel metatua gorantz: 800 m.
Zailtasuna: Zailtasun berezirik gabekoa.
Beharrezko materiala: mendiko material arrunta.
Mendiriz Mendik otsailaren 16an egingo du irteera hau.