Kaxkoa garbi mantentzeko, panelak eta kartel lehiaketa

Kronika - Erredakzioa 2014ko otsailaren 2a

Hernaniko Kaxko historikoa txukun mantentzeak duen garrantziaz jabetuta, ekimen desberdinak jarri dituzte martxan Hernaniko Udalak eta Kaxko Elkarteak. Udalak, panelak jarri ditu herriko 13 puntutan, bertan, herritarrek kartelak eta informazioa zabaldu ditzaten. Ekimen hau aurrera eramateko, herriko hainbat talde eta elkarterekin harremanetan jarri zen bere garaian Udala; hainbat bilera egin zituzten. Kaxko Elkarteak, berriz, txukuntasuna bultzatzeko, kartel lehiaketa antolatu du.


Kartela jartzen duenak, kentzeko konpromisoa
Panelak jartzeko tokiak eta funtzionamendurako arautegia ere adostu zituzten bilera horietan. Arauei dagokienean, ezin da jarri kartelik paneletatik kanpo (ez bada baimena emandako denden eskaparateetan, tabernen ba­rruan...), kartelak zeloarekin jarri behar dira, kartela jartzera dijoanak berea jarri aurretik pasatako ekintzen kartelak kendu beharko ditu, eta Udalak pa­ne­len garbiketa egingo du, hi­la­betean behin (azkeneko astelehenetan). Arautegi hau, ha­sierako izango da eta beharren arabera egokitzen joango dira.


13 puntutan eta markesinatan
Panelak herriko 13 puntutan daude: Gudarien plazan bi; Udaletxe atzean, Lizeaga kalearen hasieran; Pana parkean, igogailuaren bi alboetan; Kardaberaz kalean, Plaza Berri pasata; Kale Nagusian, Plaza Berri pasata; Urbieta kalean, Txantxangorri elkartearen parean; Garinen frentean, komun publikoen ondoan; Biteri kanpoan; Zinkoe­nea tabernaren pareko iturrian; Kiroldegiko bi sarreretan; eta atletismo pistako sarreran. Leku horiez gain, kristalezko autobus markesinetan ere kartelak jartzeko aukera izango da.


Lau bileren ondorengo proposamenak
Udalak lau bilera egin zituen herriko talde eta elkarteekin kartelen gaia tratatzeko: iri­tziak jasotzeko, proposamenak entzuteko eta erabakiak hartzeko. Bilerak izan ziren, martxoaren 21ean, apirilaren 29an, maiatzaren 22an eta ekainaren 20an. Bilera horietan, honako proposamenak egin zituzten: herriko hainbat puntutan pa­nelak jartzea, dendariekin hitz egitea kartelak eskaparateetan edo ateetan jartzeko, momentu puntualetan panel mugikorrak jartzea, panel elektronikoak jartzea hainbat puntutan, herria txukun edukitzearen aldeko kanpaina egitea... Eta panelen gaiari lotuta, ideia hauek azpimarratu zituzten: panelak haundi xamarrak izatea talde guztien kartelak sartzeko; leku askotan jartzea, masifikaziorik ez egoteko; lekua adostea; materiala kontuan hartzea kartelak ez erortzeko; Udala arduratzea panelak txukun mantentzeaz; pankarten trataera adostea; herritarrek eredu ematea kanpotik etorri eta kartelak edozein tokitan jar­tzen dituztenei; gutxieneko arautegi bat adostea eta bete­tzen ez duenari tokea ematea. Hernaniko Udalak hainbat egitasmo burutzen ari da «hirigunea balorean jartzeko asmoz». Eta panelak jartzeaz gain, honako ekimenak egin ditu: Kaxkoaren garbiketa lanak areagotzen ari da, hu­tsik dauden lokalen eskaparateak Hernaniko argazkiekin dekoratu ditu, hirigunea ezagutarazteko bisita gidatuak antolatzen ditu...


Kaxkoa txukun mantentzeko mezua zabalduz
Kaxko Elkarteak antolatu du­en kartel lehiaketan edozeinek hartu dezake parte. Eta epea zabalik dago lanak en­tre­gatzeko. Maia­tzaren 19an bu­katuko da. Kar­telek lemaren bat eraman behar dute. Esa­terako: Kaxkoa txukun-txukun; Kaxko garbia, zergatik ez? Hiru saritu izango dira. Ira­baz­­leak, 400 euro jasoko ditu.


KARTEL LEHIAKETAREN OlNARRl-ARAUAK

1.- Nahi duten guztiek parte hartu ahal izango dute lehiaketa honetan.

2.- Jatorrizko lanek 42 cm-ko zabalera x 59 cm-ko altuera izango dute; ezinbestekoa da paperean eta kartoi-lumazko euskarrian, aurkeztea, edozein koloretan eta edozein modalitate artistikotan. Lana formatu digitalean ere aurkeztu beharko da, egindako formatu berean (42 cm-ko zabalera x 59 m-ko altuera), 300ppp-ko erresoluzioan eta CMYK erako koloretan. 

3.- Kartelak lemaren bat eraman behar du. Adibidez: ‘KAXKOA TXUKUN-TXUKUN’, ‘KAXKO GARBIA, ZERGATIK EZ?’, ‘ZURE HERRIA MAITE BADUZU ZAINDU’…

4.- Lehiakideak izango dira erantzule jabetza intelektualaren ondorioetarako aurkeztu dituzten obrena, baita aurkeztu litekeen edozein erreklamazioren aurrean ere, irudi eskubidea barne.

5.- Entregatzeko epea 2014ko maiatzaren 19an bukatuko da. Jatorrizko lanak  Kaxko Elkartean aurkeztu beharko dira arratsaldeko 19:30ak eta 21:00ak bitarte, asteazkenetan, sinadurarik gabe eta kartazal itxian, egilearen izena, helbidea eta telefonoa aditzera emanez.

6.- Kartela 2014ko maiatzak 21a baino lehen aukeratuko da. Aukeraketa Kaxko elkartean egingo da, bozketa bidez.

7.- Irabazleak 400 euroko saria jasoko du, bigarrenak 200 euro eta hirugarrenak 100 euro.

8.- Saritutako obra Kaxko Elkar­tearen jabetzan geldituko da. 

9.- Beharrezkoa da 2014ko maiatzaren 24a baino lehen obra hauek erretiratzea.

10.- Erabakia apelaezina izango da. 

11.- Lehiaketan partaide izateak, oinarri hauen osoko onarpena eskatzen du.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!