Antxon Agirre Sorondo hil da, Hernaniko historiari buruz erruz idatzitako etnografoa

Kronika - Erredakzioa 2014ko ots. 1a, 01:00

Herenegun hil zen Antxon Agirre Sorondo etnografo donostiarra, 67 urte zituela. Historia ikertzen pasa zuen bere bizitza eta besteak beste, Hernani y los hernaniarras (1998) liburua idatzi zuen. Lan sakonak egin zituen ermita eta errotei buruz, Tratado de Molinología. Los molinos de Guipúzcoa (1988) eta Ermitas de Gipuzkoa (1993), eta horien artean Hernaniko Zikuñagako ermita eta Santa Barbarako ermita sakon aztertu zituen; baita errotak eta burniola zaharrak ere. La sidra: Sagardoa (desde el árbol hasta el vaso) (1993) eta beste hainbat eta hainbat gai landu zituen: 26 publikazio eginak eta beste lau bidean utzita joan da Agirre Sorondo, berarekin lan egin dutenek diotenez, «zeharo eskuzabala, beti laguntzeko prest egoten zena, eta ordainik inoiz eskatu gabekoa». Hernaniko San Joan Konpartsarekin kolaboratu zuen 21 urtez, urtero San Joanetan ateratzen diren historiari buruzko liburuxkak egiten. Gaur eguerdiko 12:00etan dira elizkizunak, Donostiako Gros auzoko San Ignacio parrokian.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!