«Onenen aurka jokatzen da txapelketa honetan eta ikasteko balio du»

Kronika - Erredakzioa 2014ko otsailaren 1a

Euskal Herria Irekia Txapelketa gaur hasiko da eta bertan parte hartuko dute Hernaniko Pala Taldeko 6 kidek. Aurreneko mailan, Goikoetxea eta Huizik elkarrekin jokatuko dute eta gaur ekingo diote txapelketari, 16:00etan Atano IIIan. Bigarren mailan, Tijerok ere gaur jokatuko du, Ariznabarretarekin, 16:00etan Lizarran.

Aurten ere ez dute hutsik egingo Hernaniko palistek Euskal Herria Irekia Txa­pel­ketan. Hain zuzen, Hernani­ko Pala Taldeko sei kidek hartuko dute parte, bi mailatan. Aurreneko mailan, Mai­der Huizi, Maider Senper eta Miren Goikoetxea urnietarra ariko dira. Bigarren mailan, berriz, Garazi Jauregi, Leire Lucas eta Garbiñe Tijero. Txapelketa gaur hasiko da eta aurreneko jardunaldi ho­netan hernaniarrak ere izango dira lehian. Goikoe­txea eta Huizi elkarrekin ariko dira eta Muneta-Larrion bikote nafarra izango dute aurrez aurre. Donos­tiako Atano III pelotalekuan jokatuko dute, 16:00etan. Tijerok ere gaur jokatuko du. Soraluzeko Ariz­­nabarreta izango du la­gun eta Gutierrez-Maiza bi­ko­tea aurkari. Lizarran jokatuko dute, 16:00etan. Gaine­rakoek datorren larunbatean ekingo diote txapelketari. Kronika Huizi eta Sen­perre­kin elkartu da euren inpresio eta helburuen berri izateko.

Bikote ezaguna eta ezezaguna
Maider Senperrek 18 urte ditu eta Maider Huizik 17. Gazteak dira, baina bide pus­ka bat egina dute pala munduan. 11 urte, hain zuzen, eta pare bat urte daramazkite, batez ere, lehenengo mailan jokatzen. Espe­rientzia ere badute txapelketa honetan. Senperrek laugarren aldiz hartuko du parte eta Huizik hirugarrenez. Azken honen bikoteak, Miren Goikoetxeak ere, laugarren aldiz jokatuko du txapelketa. Txapelketa hau, izenak dioen bezala, irekia da eta nahi duenak hartu dezake parte, nahi duen bikotearekin. Hui­zik eta Goikoetxeak askotan jokatu dute elkarrekin; iaz ere bai, txapelketa berean, eta el­ka­rrekin joka­tzea erabaki du­te. Senperrek, berriz, ez zuen asmorik parte hartzeko, baina Agirrek, bere bikote izango denak deitu omen zion: «Berarekin jokatu nahi nuen galdetu zidan eta baietz esan nion». Ez dute elkarren jokoa apenas ezagu­tzen: «Bere kontra jokatu izan dut, baina berarekin inoiz ez», dio Senperrek.

Aurreneko partidua, onenen aurka
Hasiera gogorra dutela diote bi palista hernaniarrek. «Gu­re aurkariak nafarrak dira. Askotan aritzen dira elkarrekin eta gu baino esperientzia gehiago dute. Gainera, orain dela gutxi jokatu dugu elkarren kontra txapelketa batean eta beraiek finalera iritsi ziren. Gure multzoko bikote gogorrena dela esango nu­ke», azaldu du Huizik. Sen­perrek ere modu berean ikusten ditu beraien aurkariak: «Gure aurkariak Gas­teizkoak dira eta oso bikote sendoa osatzen dute. Txa­pelketa irabazteko faborito ikusten ditut». Orokorrean, maila haundia egoten dela eta ez dutela finalera iristeko esperantza askorik diote biek: «Txapel­ke­ta honetan onenen aurka jokatzen da eta ikasteko balio du. Ez dugu beste helbururik». Beraz, elkarren arteko fi­nalik ez dela izango uste du­­te: «Gutako bikote bat pa­sa­tzea ere nahikoa litzateke».

Martxoaren 8an, finalak
Txapelketa gaur hasi eta martxoaren 8an bukatuko da. Otsailaren 15era bitarte, lehenengo fasea jokatuko da eta liga moduan izango da. Az­ken fasea, berriz, (finalaurdenetatik hasita) kopa mo­duan jokatuko da. Partiduak lau pelotalekutan jokatuko dira: Mallabia, Lizarra, Gasteiz (Tukun-Lakua) eta Donos­tiako Atano III. Lehenengo mailan 10 bikote izango dira lehian eta bigarren mailan, 14.

Ilusioa, maila altuenean daudenei irabaztea
Huizik eta Senperrek ia bizi guztia daramakite palan jo­katzen. Huiziri betidanik gustatu izan omen zaio pala. Senperri, berriz, hasieran ez omen zion graziarik egiten. Baina amaren pausoak jarraituz, gustoa hartu omen zion. Urte guzti hauetan, txapelketa ugaritan hartu dute parte (Gipuzkoa eta Euskal He­rriko txapelketak, Emaku­mea Pilo­ta­ri, GRAVN, Kutxa Saria, Na­par Pala Txapel­ke­ta...) eta hain­bat txapel irabazitakoak ere badira. Azke­nak, orain gu­txi: Huizik Na­far Pala Txa­pel­ketan eta Sen­perrek Emaku­mea Pilotarin, bigarren mailan. Bereziki ilusioa egin dien garaipenik edo txapelketarik ba ote den galdetuta, honakoa diote: «Espero ez duzunean eta finala gogorra izan denean, beti egiten du ilusioa. Baita txapelketa zail baten ondoren irabazteak ere. Txapelketari dagokionean, Nafar Pala, Ku­txa Saria edota GRAVN joka­tzeak ilusio berezia egiten du. Izan ere, txapelketa horietarako aukeratu egiten zaituzte». Aurrera begira, ze ilusio edo helburu duten galdetuta, berriz, honakoa erantzuna: «Momentu honetan maila altuenean daudenei irabaztea, hau da, Maider Men­dizabali, Nagore Arozenari... Eta ez du finala izan beharrik; edozein partidu».

Hernaniarren partiduak
GAUR
Lehenengo maila: Muneta-Larrion/Goikoetxea-Huizi
Bigarren maila: Tijero-Ariznabarreta/Gutierrez-Maiza
Otsailak 8
Lehenengo maila: Senper-Agirre/Saez-Martin
Goikoetxea-Huizi/Arrizabalaga-Villanueva
Bigarren maila: Valvo-Ruiz de Azua/Lucas-Jauregi
Aldai-Eizmendi/Tijero-Ariznabarreta
Otsailak 15
Lehenengo maila:
Aristorena-Aristorena/Senper-Agirre
Landaluce-Isasmendi/Goikoetxea-Huizi
Bigarren maila: Lucas-Jauregi/Murillo-Lusarreta
Tijero-Ariznabarreta/Lopez de Luzuriaga-Jausoro

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!