«Erakusketa oinarritu dugu down sindromea dutenen espresio-bide batean, dantzan»

Kronika - Erredakzioa 2014ko urtarrilaren 31

Jose Luis Elexpe ‘Pelex’-ek eta Sofia Arostegik gaur inauguratuko dute ‘Bateginik’ izeneko erakusketa, 19:15etan, Biterin. Inaugurazioan ‘Verdini’ dantza taldeko kideak izango dira.

Dantza da down sindromea duten askoren espresio-bidea, eta horretantxe oinarritu dute erakusketa Sofia Arostegik eta Jose Luis Elex­pe Pelex-ek. Bateginik erakusketa ikusgai dago otsailaren 11ra arte Biterin, eta inaugurazio ofiziala gaur egingo dute, 19:15etatik aurrera. Isa­bel Verdiniren dantza taldea ere bertan izango da, inaugurazio ekitaldian.

Down sindromea ardatz
Erakusketa down sindromeari buruzkoa da. Arostegik ahizparekin bizi izan du kasua, eta Pelexek ere asko lan egin du down sindromea dutenekin. Sentsibilitate hori euren lanera eraman dute, eta 24 koadro eta 10 eskultura jarri dituzte, mugimenduz beteak. Arostegik garbi dau­ka «emozionalki erakargarria eta sakona da gai hau, eta hori nahi genuen». Aspaldi ezagutzen zuten elkar, bai­na lehendabiziko aldiz jarri dute erakusketa bat elkarrekin. Pintura figuratiboagoa da Arostegirena, eta Pelexek abstraktuagoa egi­ten du, baina emaitza po­lita lortu dute biak elkartuta. Erakusketa honekin beste ideia asko sortu zaizkiela diote biek. «Erakusketa hau oinarritu dugu down sindromea dutenen espresio bide batean, dantzan, askatasuna ematen dien artea delako, eta sekulako indarrez transmiti­tzen dutelako euren senti­men­dua, dantzaren bidez». Dena dela, ideia pila bat sortu zaizkie erakusketa hau egiten hasita, eta aurrerago ere erakusketa gehiago jartzeko asmoa dute biek.

‘Verdini’ taldea eta Naroa Azaldegi, gaur, Biterin
Isabel Verdinik dantza talde ezaguna dauka Donostian, down sindromea duten pertsonez osatua ia erabat. 20 ur­te inguru daramazki Verdi­nik talde horrekin lanean, eta ezin hobea iruditu zaie Pelexi eta Arostegiri gaurko inaugurazio ekitaldira eurak gonbidatzea. Arratsaldeko 19:15etan bi artistek hitz egingo dute, eta ondoren Verdini dantza taldeak erakustaldia egingo du. Besteak beste, tartean izango da Naroa Azaldegi hernaniarra, protagonisten artean. Dantza saioaren ondoren, luntxa egingo dute.

Bi astez Hernanin
Asteartean zabaldu zuten Bateginik erakusketa, eta bi astez egongo da Biterin, otsailaren 11ra arte. Astelehenetik ostiralera ikusi ahal izango da, 18:00etatik 20:00­etara, erakusketa gelan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!