Urtekariak beti izaten du halako tiradizo bat, eta atzo ere goraino bete zen Udaletxeko Areto Nagusia, Hernani 2013 Urtekariaren aurkezpenean. Udaleko arduradunak bertan ziren, eta Luis Intxauspe Alkateak esker hitzak izan zituen guztientzat «eskerrik asko hau posible egin duzuen guztioi, artikuluren bat idatzi duzuenoi. Eta eskerrik asko gerturatu zaretenoi, azpimarratzekoa da urtekariak urtero herrian duen harrera».
16 artikulu
Hernanik badu oinezko ibilbide sare bat, eta horri buruzkoa da lehendabiziko artikulua. Bigarrena ere eguneko gaia da, Semdinli herri kurdua eta Hernaniren arteko senidetzeari buruzkoa. Liztor beltzaren ingurukoa, krisiari buruzkoa, edo Goiz Eguzki elkartearen urteurrena dira eguneko beste gai batzuk... egunekotik ateratzen direnak, arteari buruzko Velazquez eta Hernani lotzen dituen bat, edo Uztapide eta Hernani lotzen dituena... Errapia eta Koxka elkarteei buruzkoak, edo axeri dantzaren barru-barruko ikuskera ere badakarzki urtekariak, eta beste hainbat eta hainbat.
Hernaniko izatea maite dutenentzat egun seinalatua izaten da atzokoa, eta atzo ere txintxo-txintxo inguratutako asko izan ziren. Denei eman zitzaien ale bana.