Barazki ekologikoak eta bestelako produktuak astero nahi dituen guztiari dei egin diote gaur Biterira. Basherri Sarearen barruan, Hernanin lehen ere Imanol Arana ari da 32 familiari barazkiak astero ematen, baina eskaera gero eta haundiagoa da, eta orain beste hernaniar bat animatu da helburu berarekin: Urtzi Garcia. Aranaren laguntzarekin hasi zen Garcia pausoak ematen, eta momentu honetan baratza prest dauka udaberrirako barazkiak ematen hasteko. Garciak talde bat behar du orain, poliki-poliki martxan jartzeko, eta gaur deialdia egin dute interesatuekin, 19:30etan, Biterin.
Barazkiak baino gehiago
Imanol Aranak barazki otar bat ematen die astean bere bezeroei, baina sagarrak eta beste fruta batzuk ere bai garaia denean. Garciak ere barazkiak eskaini nahi ditu, baina baita gazta ere, eta esnea, ogia, sagardoa eta abar ere bai, hala nahi dutenei. «Inguruan baditut produktu hori modu ekologikoan egiten dutenak, eta uste dut nahi duenari hori ere eskaintzeko moduan izango naizela». Alde horretatik, Garciak iritsi nahiko luke «zuzeneko salmenta» egitera. Terrenoa herritik nahiko gertu alokatu du, Karabel eta Portu arteko erriberetan, eta hor ari da jo eta su baratza lanetan. «Txukundu dugu terrenoa eta baratzan hasteko garaia da».
«Modu tradizionalean»
Basherri Sareak Gipuzkoa guztian funtzionatzen du, eta lan egiteko modu bat dauka, Aranak dioenez: «Baserriko betiko eran lan egiten dugu; modu tradizionalean, estentsiboan, ez intentsiboan». Gipuzkoan 51 kontsumo talde ari dira Basherri Sarearen barruan; tartean bat, Hernanin, Aranak daramakiena. Orain bigarrena sortu nahi dute.
Aranak beti ezagutu izan du baratza Altuna baserrian, Osiñagan, eta orain bera da hango martxa daramakiena. «Burua beti martxan» eta lana etengabe egin behar, eta askorik ez duela ematen dio berak, baina «bizitzeko adina bai», eta gustora dago. Ongarri kimikorik eta pestizidarik erabili gabe, plaga edo izurriak nahikoa lan ematen omen die, baina eskua hartua dauka Aranak. Ia 40 barazki barietate ekoizten ditu, batzuk inbernaderoan eta besteak kanpoan. Garaian garaikoa jaten ikasiz gero, urte guztian barazki aukera izaten dela dio Aranak. Gaur bileran izango da, jendeak ezer galdetu nahiko balio.