- Leire Goñi -
Andoni Lubaki argazkilari eta kazetari urretxuarrak azaroan jaso zuen Atlanta Photojournalism Seminar-ek ematen duen `Chris Hondros Memorial´ saria, Best in Show sailean. 2012an Siriako Aleppo hirian egindako argazkiak saritu zituzten.
Horrez gain, beste hainbat gatazka ere bertatik bertara ezagutu ditu: Irak, Sahara, Libia... Euskal Herrian, ordea, gutxi ibiltzen dela dio, baina hala ere, badaki non jarriko lukeen enfokea: komunikabideetan gutxi azaltzen diren gai horietan, hain zuzen.
Lubaki Hernanin izango da datorren asteartean, hilak 28, hitzaldi bat emateko AEK-k antolatutako Zilegi Eskolen barruan. Bertan, ezagutu dituen herrialdeetako hainbat datu emango ditu, eta bere esperientziaren berri ere kontatuko du. Era berean, normalean «eskatutakoa» kontatzen duela dio, eta horregatik eskatzen dio jendeari galderak egiteko lasai, «ez baita erraza publikoak nahi duenarekin asmatzea, eta, gainera, nahiago dut solasaldia, hitzaldia baino!».
Fotokazetaritza egiten duzu. Irudi batek mila hitzek baino gehiago balio duela uste duzu?
Hitz bat ondo errepresentatzen duen argazkia aurkituko banu, horretxekin egongo nintzateke gustora. Sufrimendua erakusten duen argazki batekin ikusleak sufrimendu hori jasotzen badu, primeran.
Zeren bila aritzen zara argazki bat ateratzen duzunean?
Nik ikusi eta sentitu dudana ikusleak ere nik ikusi eta sentitu dudan modu horretan jaso dezan nahi izaten dut. Argazkia ateratako tokia iluna bada, nik ezin dut argazki hori argitu, gezurra izango litzateke. Horregatik, ez ditut argazkiak bat ere manipulatzen, ez dut ia photoshopik erabiltzen. Beldurra sentitzen badut, beldur hori senti dezala ikusleak; poztasuna jaso badut, berdin.
Gerra kazetaritzan aritzen zara. Beharrezkoak dira gatazkak eta drama argazki onak ateratzeko?
Ez. Argazki on asko egiten dira inolako dramarik gabe. Adibide piloa eman ditzaket: Magnumekoak ez dira inoiz gerrara joan eta kriston argazkiak dituzte. Gainera, gerretan ateratzen diren argazkien %90k ez dute ezertarako balio izaten.
`Chris Hondros Nazioarteko Saria´ irabazi duzu azaroan, Siriako gerran egindako argazkiekin. Pozik, jasotako errekonozimenduarekin?
Bai, bai, gustora. Hala ere, beti etikoki pintzekin hartu behar den lana da gurea. Kontu handiz ibili behar dugu alde horretatik, jakinda argazkia ateatzen ari zarenean ikusle pribilegiatua zarela, eta ez parte-hartzaile bat. Argazkia ateratzean nire aurrean zegoena hiltzen ari zen.... eta han ezagutu nuen jende asko hilda dago. Alde gozo eta mingotsa ditu.
Saria jaso ondoren zure kontzientziarekin gatazkak bizi dituzula aipatu duzu hainbat komunikabidetan: 2011n Libian hil zuten kazetariaren izena daraman saria jasotzea, gure begietarako gogorregiak izan daitezkeen argazki batzuk gordetzea, urrunekoak egiten zaizkigun eta identifikatzen ez ditugun pertsonen argazkiak bere gordinean erakustea...
Azkenaldian aldatzen ari naiz. Lehengoan hizketan aritu nintzen lagun batzuekin: argazkiak ez badio ezer aportatzen istorioari eta oso biolentoak badira, gorde egiten ditut eta punto. Hori bai, ezabatu ez ditut ezabatzen. Baina ni ez noa inori digestioa erraztera. Gero, egunkari eta editoreek beste `zentsura´ mota bat izaten dute, eta beraiek erabakitzen dute jarri edo ez. Batzuetan esaten da irudia gogorra dela, eta ez; gogorra dena da tipo hori hil egin dela.
Tentsio eta arrisku handiko egoerei nola egiten diezu aurre? Sirian bahituta egon zinen.
Bahiketaren inguruan ez dut hitz egingo. Arriskuak asumitzea dakar nire lanak, baina kontatzea... Ofizioa aukeratzean horrelako gauzak gerta daitezkeela konsziente izan behar dugu, eta kito. Argazkiak hor daude eta horiek nahikoa hitz egiten dute.
Horrelako zerbait gertatu ondoren, nola lortzen da lanarekin jarraitzeko animoa?
Nire lana hori da, gustatzen zait eta jarraitu beharrean nago. Taxista batek istripu bat izaten badu... Gehienek ez diote lanari utziko. Azterketa bat egin eta gainditzen ez duenak ere, zer egingo du ba? Hurrengoarekin segi!
Beste hainbat gatazka ere bizi izan dituzu: Sahara, Libia, Irak... Horien guztien artean, bada modu bereziagoan gogoratzen duzun bizipenik?
Denak dira bereziak, gatazka bakoitza diferentea delako oinarrian, gatazka egiteko moduan... Desberdinak dira. Beti gogoratzen dira gauza puntualak. Baina, bereziki beti gogoratzen dut azkena. Horrelako tokietan lan egitean argazki batzuk hartzen ditugu handik eta hemendik, eta hori gogoan geratzen zait azkenean, hurrengo bat arte.
Kanpoan egiten duzu lan, batez ere, baina baita Euskal Herrian ere. Bertako zein argazki egingo zenuke orain?
Hemen kolaborazio puntualak egiten ditut. Bertso finalean egon nintzen, adibidez, eta eskatzen badidate, koro bateko partaideei ere atera izan dizkiet argazkiak. Oso jende gutxi dago gerrako argazkiak bakarrik egiten dituena. Hala ere, hemen ez dut lan askorik egiten eta ez naiz aritzen pentsatzen zein argazki egingo nukeen. Bostok Photo Agentzian badira hiru lagun hemengo lana ondo kubritzen dutenak, eta ikuspuntu desberdinetatik. Nik gutxien argitaratu den tokian jarriko nuke enfokea: euskal preso politikoen egoera, etxe-kaleratzeak... Komunikabideetan gutxi ateratzen den horretan.
Bostok Photo argazki agentziako sortzaileetako bat zara, Gari Garaialde, Ander Gillenea eta Josu Truebarekin batean. Zein da agentzia honen helburua?
Lau kide gara, eta beste pertsona bat ere aritzen da komertzial lanetan. Egoera berriek batzera bultzatzen zaituzte. Indarrak batu eta aurrera segi. Guk nahi duguna da argazki erreportaritza egin ildo bat jarraituta. Bakoitza aske da zer eta nola kontatu nahi duen erakusteko, eta horretan gabiltza. Indarrak batu ditugu aurrera jarraitzeko. Oso argazkilari gutxik egin dezakete lan erabat freelance arituta. Denak batzen dira, kasu puntualetan bakarrik bada ere. Agentzian denak autonomoak eta freelance gara, baina autonomoek ere batu egin behar izaten dute.
Beraz, zuen proiektu horretan partaide gehiago sar daitezke?
Momentuz, gu ari gara, eta epe motzera ez daukagu ezer pentsatuta. Baina epe ertainera igual gehituko litzateke norbait. Guk lanak begiratzen ditugu, zein den bere argazkien filosofia.
Agentziako zure kide Gari Garaialdek galdera polita plazaratu du azken egun hauetan: bada euskal argazkilaritzarik? Eta hala bada, zein da?
Euskal argazkilaritza! Izaten ditugu horrelako eztabaidak. Euskal antzerkia, zinema, literatura, poesia badaude... eta argazkia? Ez da ahozko hizkuntza erabiltzen transmisiorako. Eztabaidan ari gara eta ideia oso onak ari dia ateratzen. Uste dut debate honetatik ideia politak aterako direla.
Etorkizun laburrerako zein proiektu duzu esku hartean? Kiev izan daiteke bat?
Biletea esku hartean daukadan arte ez dut ezer ziurtatzen. Gure lana oso aldakorra da. Egoera azkar aldatzen da. Buruan proiektu asko dauzkat, baina lortu arte... Atentzioa bai, denek ematen didate: Somalia, Sudan, Irak Siria, Kiev bera... Denak jarraitzen ditut, gutxienez, Internetetik, gauzak nola dauden jakiteko. Gogoa badut alde guztietara joateko, baina gauzak ondo pentsatu behar dira, kontaktuak lortu... Enkarguak ere asko iristen dira, eta nik baiezkoa esaten diet gehienei, baina gero, proiektu horietako ehuneko haundi bat ez da aurrera ateratzen. Horregatik, banoala ziur jakin arte ez dut ezer esaten. Gero batzuetan gertatzen da, bi egun barru egitekoa duzun hori bertan behera geratzea, eta urtebete lehenago pentsatutakoa ateratzea... Ezin jakin!
Gatazka leku batera joan aurreko prozesua nolakoa izaten da?
Planifikatzea zaila da. Baina jakin behar duzu, gainetik behintzat, zer gertazten ari den toki horretan. Nik, adibidez, literatura ere irakurtzen dut, bertako historia... Baina gauzak oso aldakorrak dira: bonbardaketak, check pointak... Onena da, beti, kontaktu on bat lortzen saiatzea. Zer gertatzen den bertakoek baino hobeto inork ez daki.
Momentuan momentukoa, orduan: oraingoz, hitzaldi batzuk tartean. Beraz, astearteko hitzaldira gerturatzen denak zer jasoko du?
Eskatu didatena! Azken batean, nire esperientzia kontatu. Hala ere, asko gustatzen zait jendeak galderak egitea: zer gertatzen ari den ezagutu ditudan herrialde horietan, gatazken inguruan, edo... Askotan ez dakit zer nahi duten. Ikusleak ere desberdinak dira. Ez da berdina hitzaldi bat ematea jubilatuei, ikasleei, gaztetxe batean, gai baten inguruan lanean dabilen jende akademikoari... Hitzaldia hasi eta segituan esaten dut beti galderak egiteko, eta ez itxaroteko nik bukatu arte. Solasaldia gustatzen zait. Horrek asko aberasten du.
Galderak prestatuta eramateko esango diogu orduan, jendeari!
Hori da!