Zonbi karlista eta banpiro jeltzaleen arteko lehia izango da oraingo honetan eta Agirre lehendakaria berpiztuko dute... Joxean’s hil eben film laburraz ari gara. Filma, Beñat Iturrioz hernaniarrak eta Xabier Padinek zuzendu dute eta aurreko asteko ostiralean egin zuten aurre estreinaldia Biterin, lagunartean, filmean parte hartu dutenen artean. 200 bat lagun elkartu ziren. Oraindik gauza batzuk konpontzeko geratzen diren arren, emaitzarekin gustora dago Iturrioz. «Hala ere, hori besteek esan behar dute», dio. Eta erabat osatzeko, pelikularen aurretik dijoazten bi trailer faltsu guztiz bukatzea falta zaiela gaineratu du. Agosti Xahorena eta Txerrineitorrena dira.
‘Ataun of the dead’ filmaren jarraipena
2011 urtean, Ataun of the dead film laburra estreinatu zuten Iturrioz eta Padinek eta oraingo hau, film horren jarraipena da. Aurreko film hura Ataunen kokatzen da. Lehendakaritzara aurreneko lehendakari ez nazionalista iristen denean, hirugarren karlistadarako hazia sortu eta bi zientifiko karlistek Zumalakarregi berpizten dute.
Oraingo honetan, zientzialariak, XIXgarren mendean hildako soldadu karlistak lurpetik atera eta berpizten hasiko dira, Zumalakarregi bezala. Zonbi plaga honek Partidu Nazionalista Banpiroko kideen hegemonia politikoa eta biziraupena kolokan jarriko ditu eta Agirre lehendakaria esnatzea erabakiko dute. Zumalakarregi eta Agirreren arteko norgehiagoka hasiko da, nork aginduko duen erabakitzeko. «Bi bandoek ezin dute elkarrekin bizi. Zonbiak eta banpiroak gauza bera behar dute, giza haragia edo odola. Lehia dago; interes talka bat», azaldu du Iturriozek.
Hernaniarrak, gehienak
Ataun of the dead, Ataun, Hernani eta Adarran grabatu zuten. Joxean’s hil eben, berriz, bi trailer faltsuak kontuan hartuta, Euskal Herriko 17 lekutan grabatu dute. 60 egun behar izan dituzte eta 180 bat laguntzaile tekniko, aktore eta extra. Horietako gehienak, hernaniarrak izan dira.
Padinek eta berak zuzendari lanetan laguntza haundia izan dutela ere azaldu du Iturriozek. Oskarbi Sein eta David Larrañagarena, hain zuzen. Ilustrazioak ere beraienak direla gaineratu du.
Efektu gehiago
Aurreneko pelikulatik bigarrenera, alde haundia dagoela dio Iturriozek: «Aurrekoa mierda bat da. Aspektu guztietatik dago aldea: musika, enkuadrea, planoak...». Efektu gehiago ere erabili dituzte oraingoan. «Batez ere, odola. Aurrekoak odola falta zuen. Putzueta harategiarekin ibili gara harremanetan eta zenbaitetan egitazko odola-eta lortu dugu, baina gehiena gezurrezkoa da. Esaterako, txerriaren garuna irudikatzeko, azalorea erabili dugu, odola gainetik botata». Efektuetan, Javi Gonzalez hernaniarraren laguntza sekulakoa izan dela azpimarratu du.
Imaginazioa ere behar, halako lan batean, eta hori ez dutela falta nabari da. Jantziak beraiek eginak dira.
Hirugarrena ere, buruan
Iturrioz eta Padinen lana trilogia bat da. Buruan dute dagoeneko hirugarren film laburra, baina oraingoz behintzat, lasai egoteko asmotan dira: «Bi urte barru edo ikusiko dugu. Orain beste arlo batzutan aritzeko asmoa dut». Eta hirugarrenaren aurrerapena ere egin du: «Ezker abertzaleko momiak agertuko dira honetan eta Nafarroan kokatuko da, espektro politiko guztia ikutzeko».
Bi arkeologo zinean
Iturrioz arkeologoa eta musikaria da. Padin ere arkeologoa da eta biek ez zuten zine munduan ezer egin, Ataun of the dead sortu arte. Eta ez direla batere gaizki moldatzen erakutsi dute.
Hernanin izango da berriz ikusteko aukera. Otsailaren 11n emango dute Biterin, 19:30etatik aurrera. Bestela, emanaldiren bat antolatu nahi izanez gero, idatzi: katihotsak@gmail.com. Informazio gehiago, www.joxeanshileben.com; eta musika, www.aztibegia.bandcamp.com. yy