«Zerga politika ikusi behar dugu herria antolatzeko tresna bezala. Babes soziala eta zerbitzu publikoak ziurtatzeko tresna da eta ereduaren inguruko adostasun bat beharko genuke; eredu horren arabera, baliabideak eskuratuko dituen sistema finkatuz. Horretarako eztabaida publikoa beharrezkoa da eta baita erakundeen kontrola eta gardentasuna ere», azaldu zuen Itziar Miner Gipuzkoako Diputazioko Zerga eta Finantza Politikako zuendariak ostegunean. Natzak antolatutako hitzaldian eman zituen azalpenak zerga sistema eta fiskalitatearen inguruan. Zerga politikaren ereduaren inguruan eztabaida piztu da EH Bilduk egindako aldaketengatik, baina ez dela arrazoi bakarra azpimarratu zuen Minerrek: «Fiskalitatea mahai gainean jarri da krisiaren eraginez, sarrerak asko gutxitu direlako. Baina azken hamarkadetan egin diren aldaketek ere sekulako eragina izan dute. Aldaketa horiek eragin dute sistema fiskala ahultzea. Gero eta gehiago langileen bizkar utzi da zama eta kontsumoa zergapetzen duten zergetara bideratu da tributazioa (BEZ-IVA, besteak beste). Beste errenta mota batzuk, berriz, enpresen irabaziak, kapital irabaziak, aberatsen tributazioa etabar, ahulduz joan dira. Orain krisiak azaleratu du hori dena. Sistema ez zen nahikoa egoerari erantzuteko. Beraz, ezin dira urte pare bateko kontu bezala, zerga batzuk aldatu, beharrezko aldaketa behar da, estrukturala. Nahi dugun ongizate estatua eraikitzeko beharrezkoa da zerga sistema askoz sendoagoa. Eta posible da». Minerrek argi utzi zuen Bilduren zerga erreformaren abiapuntua azken urteetako norabidearekin amaitzea dela: «Lan errentetan oinarritzen den zerga sistema aldatu nahi dugu». Argitu zuen beraien aldaketek ez diotela jende xumeari eragiten, baizik irabazi haundiak dituzten enpresei eta aberatsei edo fortuna haundiak dituztenei, besteak beste.
Subiranotasun falta
Aurrera eraman nahi duten aldaketarako, gabezi batzuk badirela azpimarratu zuen: «Euskal Herrian subiranotasun falta haundia dago eta ezin ditugu hainbat gaietan erabakiak hartu: finantza sisteman, lan harremanetan (erreforma laboralak), babes sozialean... Zerga politikan, ekonomi itunaren ondorioz, konpetentzi asko ditugu, baina osotasunean ez. Zeharkako zergak, hau da, kontsumoa zergapetzen duten zergen eskumena, esaterako, ez dago EAEko foru aldundietan ezta Nafarroan ere. Arauak Madrilen egiten dira eta horrek asko baldintzatzen du. Azken urteetako, BEZaren igoera, esaterako. Horrek guztiak lotuta uzten zaitu gainerako zergen aurrean».
Hala ere, ahal duten urrats guztiak ematen ari direla gaineratu zuen.
Gehien daukanak gehiago ordaintzea
Zerga sistemak, sektore publikoaren oinarri izan behar duela nabarmendu zuen berriz: «Nola? Gehien daukanak ekarpen haundiagoa eginda. Aberastasunaren birbanaketa planteatzen dugu bi printzipiotan oinarrituta: ekitatea eta progresibitatea. Ekitatearekin esan nahi da, jasotzen diren errentengatik berdin ordaintzea, edozein izanda ere beraien iturria. Progresibitatearekin, berriz, zenbat eta gehiago irabazi, proportzio haundiagoan ordaindu behar izatea».
Eta gogorarazi zuen zergak denok ordaindu behar ditugula: «Oso garrantzitsua eta beharrezkoa da, zilegitasun bat izateko. Elusio bideak moztu behar dira eta iruzurra harrapatu. Horretarako, gauza bat da ogasunek edo legegileek lege egokiak egitea, baina baita ere herritarrek ulertzea zergen garrantzia».
Iruzurra eta elusioaren aurka, hainbat neurri Iruzurraren aurka, eguneroko jardunean hainbat pauso eman dituztela azaldu zuen Minerrek: «inspektoreei euren lana egiten uzten ari gara; baliabide pertsonal gehiago jarriko ditugu Ogasunean, 10 lanpostu berri sortuko dira ikuskaritzan, batez ere; eta arrisku bereziko zergadunen errolda sortu da. Elusioari dagokionean, legeak egiten dituenaren ardura da, baina saiatu gara zirrikituak ezabatzen. Dena dela, kudeatu behar ditugu besteek onartutako hainbat zerga eta ahal duguna egiten ari gara».
Errentetatik jasotzen denaren %86, soldatetatik Zergak lau multzotan sailkatu zituen Minerrek: Errentaren araberakoak (soldatengatik biltzen dena, interesengatik... PFEZ); Kontsumoaren araberakoa, mundu guztiak ordaintzen duena, bai kontsumo orokorragatik (BEZ) bai kontsumo bereziagatik (alkohola, gasolina, tabakoa...); irabazien araberako zergak (sozietateek ordaintzen dituztenak); eta ondasunaren, patrimonioaren araberakoak (aberatsek ordaintzen dituztenak edo herritarrek IBIa edo kontribuzioa). Zergaren banaketa bi planotan ikusten dutela azaldu zuen: «Batetik, enpresen irabaziek edo kapital errentek trataera bat dute, eta bestetik, langileek ordaintzen dituzten zergak daude. Eta azken urteetan oso nabarmena izan da, zerga sistemaren bilketa bideratua izan dela langileek ordaintzen dituzten zergetera eta BEZera. %38 errentetatik jasotzen da eta horietatik %86 soldatetatik dator. %38 ere BEZaren bidez jasotzen da eta %14 zerga berezien bidez. Beraz, oso nabarmen ikusten da zergak nork ordaintzen dituen. Gure proposamena da desoreka hori, orekatze bidean jartzea».
Ekitatearen bidean, errenta guztiek eskala berdinaren arabera tributatzea helburu
Etorkizuneko erronkei buruz ere hitz egin zuen: «Aberastasunaren tributazioan eta enpresen irabaziei dagokienean, gure posizioak finkatuta dauzkagu. Zeharkako zergetan, berriz, ez dugu momentuz eskumenik. Hori eskuratzeko euskal erakundeen artean urratsak eman beharko dira».
Eta errenta zergan, pentsatzen dute gauzak badaudela aztertzeko. «Bata da, oinarri bakarrera joatea, ekitate aldetik, errenta guztiak eskala berdinaren arabera tributatzea, baina hainbat urtetan emandako dinamikaren kontra doa eta azterketa haundiak eskatzen ditu. Horretan ari gara. Bestetik dago, familiaren inguruko tributazio guztia. Familia ereduak aldatzen doaz, kenkari (deducción) pila daude horrelako gaiekin erlazionatuta eta ikusi egin behar da. Proposamen berritzaileak badaude eta horiek aztertzen ari gara. Baita ere dago, etxebizitza kenkaria, eta herritar asko harrapatuta dago. Konpromiso batzuk hartu zituzten bere garaian etxeak erosteko, kenkari hauek zeudelako, eta orain kenkari horiek ikutzeak eragin haundia izan dezake. Hausnarketa sakona behar da».
Gaineratu zuen baldintzak behar direla erreforma ausartagoak egiteko, «gaur egun ez daudenak».
Kontraerreformarekin atzera pausoa, Gipuzkoan
Joan den astean onartutako kontraerreforma ere izan zuen hizketagai Minerrek: «Itun fiskala sinatu zuten PNV eta PSE-EEk irailean, eta gero gehitu zaie PP. Guk oso nabarmen ikusi dugu ez zaiela gustatu gure norabidea eta lortzen ari ginen aliatuak. Moztu egin nahi izan dute bidea. Saldu nahi dute beraiek egiten duten politika fiskala bakarrik dela posible. Guk demostratzen dugu ezetz eta horretan sakondu nahi dugu. Erreforma hau erregresiboa da».
Orain, zergak nola geratu diren ere argitu zuen: «Hiru foru arauetan aldaketak egin dituzte. Errenta zergan, gutxi gorabehera, zegoen bezala utzi dute, gauza bat salbu: kapital errenten tributazioa gutxitu dute. Hori horrela, Araba eta Bizkaian suposatuko du aldaketa bat, ekitate eta progresibitate aldetik hobetuko duena, baina Gipuzkoan atzera pausoa izango da.
Bestetik, sozietate zergan onartu duten araua da, lehendik ere ahulduta dagoen sozietate zerga baino, gutxiago bilduko duen zerga bat. Ihes bide asko ere utzi dituzte eta kenkariek ez dute mugarik kasu batzuetan. Guretzat oso aldaketa atzerakorra da.
Eta aberastasunaren tributazioan, egon da aldaketa txiki bat herentzietan, baina ez du asko aldatzen egoera».
Hiru aldaketa hauek eragingo dutena honakoa izango omen da: «Zerga bilketa gutxituko da Gipuzkoan. 26 milioi euro gutxiago izango dela kalkulatzen da momentu honetan».
Zergaz zerga, EH Bilduren aldaketak eta proposamenak
Errenta zerga PFEZ (%38 jasotzen da)
Onartuta, indarrean egon da, baina kontraerreformarekin, beste zerga bat onartu dute. Hala ere, ez du hainbesteko adaketa eragingo, Minerren esanetan.
Errenta zergan, EH Bilduk aldaketak sartu zituen 2011 eta 2012an. Horietan, Minerrek dio neurri garrantzitsuenak izan zirela, alde batetik, soldata altuenentzat zerga tasak igotzea. «Hau da, lehen topea zegoen %45ean 60.000 eurotik gora irabazten zutenentzat, eta hortik aurrera ez zegoen ezer. Sortu genituen 3 tarte berri eta orain %49arte dago tipoa, 175.000 euroko soldata baino altuagoak dituztenentzat».
Bestetik, kapital errenten tributazioa igo zuten. «Ekitate ikuspegitik, guk ikusten duguna da, errenta guztiek berdin ordaindu behar dutela. Azken urteetan, kapital errentek askoz ere tributazio bajuagoa izan dute. %18an tributatzen egon izan dira. Guk planteatu dugu eskala bat sortzea eta tipo altuena %25 izatea. Oraindik ez da oinarri bakarrera joatea lortu, baina pauso bat da bide horretan».
Horrez gain, errenta irregularren integrazioa mugatu dute (kirolarien tributazioa, besteak beste); elusioaren aurkako neurriak hartu dituzte: salbuespenak, murrizketak, kenkariak berrikusi... eta moduluen sistema mugatu dute.
Sozietateen irabazien gaineko zerga (% 7 jasotzen da)
Proposamena da, momentuz ez dago onartua.
Minerrek azaldu zuen garai batean %25 biltzen zela zerga honekin, baina beheraka doala. «Guk pentsatzen dugu, sozietate irabaziak zergapetzeko bi helburu bete behar direla: ehun ekonomikoa sendotzeko tresna batzuk izatea eta bilketa ahalmena igotzea. Horretarako, honako ezaugarriak ditu: enpresei aukera ematen die inbertsioa eta enplegurako erreserbaren pizgarri (incentivo) fiskala lortzeko, inbertsioa eta I+G sustatuz. Horrez gain, lurraldean eta pertsonengan onurak sortzen dituzten ekintzak bultzatzeko pizgarriak izango dituzte (enplegu finkoa, berdintasuna, euskera, ingurumena, langileen parte hartzea bultzatuta...). Bestetik, garrantzia ematen zaio I+G lantzen duten enpresei eta kenkaria egitea planteatzen da, beti ere ziurtatuz zerga ordainduko dutela irabaziak egonez gero. Beste ezaugarri bat da, enpresa haundiek ere ordaintzea zerga. Momentu honetan, enpresa haundienek ordaintzen dute gutxien. Horrez gain, gehiegikeriak ahalbideratu dituzten erregimen bereziak ezabatu nahi dira eta pizgarriak izan daitezela irabazien neurrikoak eta aplikatzeko modukoak».
Enpresa haundien tipo nominala %28 dela azaldu zuen Minerrek, baina benetan ordaintzen dutena, bataz beste, %11,8 izaten dela. «Hau da, tipo nominalek ez dute ezer adierazten, gero kenkari pila bat edo inzentiboak baldin badaude. %28 hori bilakatzen da %11,8. Eta kenkari batzuk ez dutenez mugarik, gertatzen da 50 milioi irabazten dituen enpresa batek ezer ez ordaintzea».
Honen inguruan mamu asko sortu dela azaldu zuen: «sozietateen gaineko zerga haundiago batek enplegua kaltetzen duela, jarduera ekonomikoa kaltetzen duela... baina horrek ez dauka justifikaziorik. Zerga honek irabaziak zergapetzen ditu, beraz, irabazietan dagoenak, enplegua sortu dezake edo sortu du».
Aberastasunaren eta Fortuna haundien tributazioa (%2 jasotzen da)
Indarrean dago, parte haundienean
EH Bilduk agintera iritsi eta berehala, ondare zerga berreskuratu zuen. «Errenta zergan pausoak emateko, justifika ezina da hainbat aberatsei zergak ez ordainaraztea», dio Minerrek. Aurrena zerga zaharra onartu zuten, gabezi haundiak zituela pentsatu arren. 2 urtetarako izan zen eta 2012an proposamen berria egin zuten: Aberastasunaren eta Fortuna haundien gaineko zerga. «Aldaketa oso esanguratsua izan zen. Elusioa baimentzen zuten zergei heldu genien. Lehen, ondare zergan ez ziren sartzen familiako enpresei lotutako partizipazioak edo jarduera ekonomikoei lotutakoak. Orain, ondasun horiek ere konputatu behar dira, baina zati batean.
Beste zirrikitu bat ere bazegoen ingenieritza fiskalerako bide ematen zuena. Pertsona bati begiratzen zitzaion bere patrimonioa eta bere errenta, urtekoa. Orduan patrimonioagatik ordaindu beharrak ezin zuen gainditu urteko errentaren %60. Horrek aukera ematen zion pertsona mota horri ia ezer ez ordaintzeko ondare zergagatik. Hori ezabatu dugu modu batean», azaldu zuen.
Zerga hau, azken egunetako gosaria izaten ari dela esan zuen: «Dirudienez, paktu fiskalaren bidez, atzera botatzen saiatuko dira. Eta hitz egiten ari gara, 7.000 zergadunetaz. Gipuzkoan hori ordaintzen duten herritarren kopurua, ez da iristen %1era. Ez du ia garrantziarik herritarrentzat eta hori aldatzeko sekulako makinaria ari dira martxan jartzen».
Herentzietan ere aldaketa batzuk egin dituzte. «Muga minimo bat jarri dugu. Ez da aberastasun ikaragarria duen jendea eta eztabaida sortu du, baina jarri dugun muga ez da normala gainditzea eta ordaindu beharrekoa txikia da».
Horrez gain, ohiko etxebizitzak ez direnen errekarguak ere arautu dituzte. Udalek dute erregulatzeko aukera.
Zeharkako zergak (%52 jasotzen da)
Minerrek azpimarratu zuen euskal instituzioek ez dutela eskumenik zeharkako zergak arautzeko. «BEZa Madriletik dator eta zerga bereziak Europatik. Izaera erregresiboa dute eta ez gaude igoerarekin ados».