Eguraldiak hobera egingo du gaur eta alerta egoera desaktibatu dute

Kronika - Erredakzioa 2014ko urt. 26a, 01:00

Atzo gauerdia pasata aktibatu zuten alerta naranja eta urak atera egin ziren herriko hainbat puntutan. Iluntzerako alerta egoera desaktibatu egin zuten eta Añarbe ura askatzen hasi zen pixkanaka.

Urumea ibaiak gainezka egin zuen atzo, gauerdia pasa eta berehala. Euri asko egina zen astelehenetik, 115 litrotik gora eta egoerak okerrera egin zuen ostiraleko azken orduetan, alerta na­ranja aktibatzeraino. Portu eta Karabelgo erriberetan atera zen ura lehendabizi; eta baita Landare eta Zubipe zelaietan, Ergobi inguruan, AHTren obretan...; hauek baitira, uholde arrisku ge­hien duten puntuak. Goi­zaldeko 02:00ak aldera ere, zertxobait atera zen Fa­go­llaga inguruan. Goizean egoera baretu egin zen eta ibaiaren maila pixkana jaisten hasi zen. Eguerditik aurrera zapa­rra­dak espero ziren, eta euria egin bazuen ere, egoerak ez zuen okerrera egin. Ilun­tzerako alerta guztiak de­saktibatu zituzten.

Euririk ez da espero gaur
Euriak atsedena eman, eta eguraldiak hobera egingo du gaur. Hala, eta pixkanaka, ibaia bere onera etortzea espero da. Bihartik aurrera, eta asteazkenera bitartean, fronte berria espero da, eta euri dezente egin dezake.

Añarbe ura askatzen
Añarbeko urtegiak ateak itxita mantendu zituen atzo, alertak iraun bitartean. Iluntzean, Urumearen altura 1,9 metrora jaitsi zenean, ura askatzen hasi ziren. Pixkana­ka eta proportzionalki hasi ziren urtegia hustutzen, beti ere, 2,1 metroko muga gainditu gabe. Urtegia bete-betea zegoen atzo iluntzean, eta lekua egitea da helburua, bihartik aurrera espero den euria jasotzeko.

Errumaniarrak, kanpalekura bueltan
Alerta medio, Txoritegiko kanpalekuan bizi ziren erru­maniarrak desalojatu egin zituen Udalak atzo goizal­deko 04:30ak ingu­ruan. 27 pertsona ekarri zituzten, Udaltzain­goaren kotxeetan, Sandiuste­rrira. Bertan pasa zuten eguna eta gaur kanpa­le­kue­tara itzuliko dira. Bihartik aurrera eu­ri dezente espero da, eta berriz de­salojatu behar izanez gero, Gabriel Zelaiara era­mango dituzte.

Karabelen ez aparkatzea
Gaur ateri eutsiko badio ere, bihartik aurrera euri asko espero da. Hori horrela, pre­bentzio neurri gisa, Udal­tzain­goak eskatu du Kara­be­len ez aparkatzea, batez ere gauez, arriskuaren au­rrean jendea lasai egon dadin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!