Urumea bazterrak urak hartu ditu eta alerta egoerak jarraitzen du

Kronika - Erredakzioa 2014ko urt. 26a, 01:00

Urumea ibaiak gainezka egin du gauerdia pasata. Ur asko bota du astelehenetik, 115 litrotik gora. Egoerak okerrera gauerdian egin zuen, alerta naranja aktibatzeraino. Portu eta Karabelgo erriberetan atera zen ura lehendabizi; eta baita Landare eta Zubipe zelaietan ere; hauek dira, uholde arrisku gehien duten puntuak. Goizaldeko 02:00ak aldera ere, zertxobait atera da Fagollaga inguruan.


Alerta medio, Txoritegiko kanpalekuan bizi diren errumaniarrak desalojatu ditu Udalak. 27 inguru ekarri dituzte, Udaltzaingoaren kotxeetan, Sandiusterrira. Bertan daude, arriskua pasa bitartean.


Zaparradak espero dira, datozen orduetan
Goizean egoerak baretzera egin du, eta ibaiaren maila zertxobait jaitsi da. Eguerdik aurrera eta arratsaldeko 18:00ak bitartean espero dira zaparrada mardulak. Alerta egoerak bere horretan jarraituko du.


Karabelen ez aparkatzeko deia
Alerta egoera medio, atzo gauerdian kotxeak Karabelgo aparkalekuetatik ateratzea eskatu zuen Udaltzaingoak. Eskatu dute, alerta egoera pasa arte, bertan ez aparkatzea.


Añarbe ura jaso eta jaso
Añarbeko urtegiak itxita ditu ateak. Azken orduetako euri guztia jasotzen ari dira, eta asmoa da, esperotakoa baino euri gehiago egiten ez badu behintzat, Urumearen egoera hobetzen denean askatzen hastea.


Argazkiak Facebooken ikusgai, Hernaniko Kronikaren perfilean.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!