Aldea haunditzeko aukera, bihar, Santboianaren zelaian

Kronika - Erredakzioa 2014ko urtarrilaren 25a

‘erraldoia lo’ dagoela aprobetxatuta, Hernanik bi­har aldea haunditzeko aprobetxatu nahi du, Santboiana talde haundiaren kontra. Ka­talanek talde bikaina eta denboraldi kaxkarra daramakite. Her­naniarren atzetik dijoaz, az­ke­naurreko postuan, bost pun­tu gutxiagorekin eta bi partidu bakarrik irabazita. Hernaniarrek be­rriz, inork espero ez zuela, lan haundiak eman dizkie talde gogor askori, eta 4 partidu irabaziak ditu.
Biharko partidua atseden hartuta hasiko dute, hilabete eta erdian ligako partidurik ez baitute izan. Bihartik aurrera berriz, beste hamar partidu jokatuko dituzte liga bukatu arte. Garrantzia haun­dia du neurketak, kontrario zuzenen artean jokatzen baitute. Partidua, Sant Boi herriko Baldiri Aleu zelaian, 12:00etatik aurrera.

Iaz bigarren, aurten azken-bigarren

Gauzei nondik begiratzen zaien, ezberdin ikusten omen dira. Santboianak iaz bigarren postuan bukatu zuen liga, eta aurten ere halatsu dijoaz, baina behetik hasita. Ez dute iazko jokorik, eta bururik altxa ezinda dabiltza. Jokalari batzuk aldegin, beste batzuk lesionatuta... egoerari buelta emateko bi fitxaje egin dituzte, eta bat bihar ikusi ahal izango dena: Matenga Baker gaztea, Zeelanda Berri­koa, hirugarren lerrokoa bai­na erdilari bezala jokatuko duena. Gauzak gaizki hasi arren, ez dago etsitzeko Llo­bregateko taldea.

Joaneko partiduan, Hernani garaile 29-23

Landaren sorpresa eman zuen Hernanik  liga hasieran, Santboiana haundiari 29-23 irabazita. Orduan pizkorrago ibili ziren hernaniarrak, eta joko klase guztietan nagusitu ziren. Azkarrago mugitu zu­ten jokoa, eta ezustean harra­patu zituzten kataluniarrak. Bihar ere puntu-bila dijoa Hernani. Zuzeneko aurkariari aldea kentzea garrantzitsua da, liga bukaera zailari indarrez ekiteko. Lan horretan, ordea, faltako ditu jokalari batzuk: Igor Genua, selekzioarekin ari delako, eta beste batzuk lesionatuta daudelako.
Hamar partidu falta dira liga bukatzeko, eta Hernani 9garren dago. Oraingo partidu guztiak hil edo bizikoak dira ligako borrokarako.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!