«Donostian izaten den usain txarra Zikuñagako papeleratik dator»

Kronika - Erredakzioa 2014ko urt. 24a, 01:00

Badira urte batzuk Do­nostiako bizilagunak kexu direla, usain txarra dela eta. Zenbait auzotan izaten da usain txar hori, eta jatorriaren inguruan hipotesi asko izan dira orain arte. Arazoa medio, Donostiako Udalak ikerketa bat egiteko konpromisoa har­tu zuen, Eusko Jaurla­ritzaren laguntzarekin. Eguzki ekologista taldeak ikerketa horren emaitzaren berri eman nahi du, Kronikara bidalitako pren­tsa oharraren bidez.

«Zurrumurruek ziotena konfirmatu da»
Ikerketa Kataluniako enpresa batek egin du, eta Do­no­s­tiako In­gu­rumen Batzor­dean eman zuten emaitzaren berri. Eguzkiren esanetan, ikerketak konfirmatu du zu­rrumurruek ziotena: «Usain txarra Zikuñagako Papelera Guipuzcoana S.A enpresatik dator. Ikerketan ikusi da, usain txarra dimetil sulfuroak sortzen duela, eta sulfuro hori, papeleraren produkzioaren momentu batean sortzen dela». Eguzkik ontzat jo du ikerketa, eta orain pausoak emateko garaia iritsi dela dio: «Donostiako Udalari eta Eusko Jaurlaritzari es­katzen diogu ikerketaren berri emateko, jendeak jakin dezan usainaren jatorria zein den. Bestetik, Pa­pe­lerari eskatzen diogu pausoak emateko, usain hori desagertarazi edo ahalik eta gehien gutxitzeko». Papelerak askotan eran­tzun izan du legea betetzen duela, baina Eguzkik dio, ez dela nahikoa: «Usaina deserosoa da Urumeako bizilagun guztientzat. Ez dago ordenantza zehatzik usain kontaminazioa erregulatzeko, baina bizi kalitatean eragina du. Arazoari aurre egiteko garaia iritsi da».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!