Hitzarmen bat sinatu zuten asteazkenean Hernaniko Udalak eta Bic Berrilanek. Hitzarmen horri esker, Hernaniko enpresei laguntza emango die Bic Berrilanek, arlo teknologikoa hobetzeko. Urteetako harremana dute bi entitateek eta hitzarmena, azken hilabeteetako elkarrizketen fruitua izan dela azaldu zuen Luis Intxauspe alkateak. Ekimenaren garrantzia ere azpimarratu zuen: «Egindako diagnostiko batek erakutsi digu, Hernaniko enpresa gehienak industria sektorekoak direla eta asko zaharkituta daudela teknologiari dagokionean. Euren ezaugarriak direla eta, edo baliabide urriek eraginda, ezin izan dute egokitu eta Bic Berrilanek laguntza emango die».
Laguntza eta bitartekoak, dohainik
Bic Berrilaneko langileek Hernaniko lantoki desberdinak bisitatuko dituzte datorren astetik aurrera eta berrikuntza eta teknologiaren ikuspuntutik, daukaten egoeraren azterketa egingo dute. Azterketaren ostean, teknologikoki egokitzeko informazioa, harreman-sareak, laguntza eta bitartekoak eskainiko dizkiete lantegiei, dohainik.
Egingo dutenaren berri eman zuen Marisa Arriola Bic Berrilaneko zuzendariak: «Enpresak ezagutuko ditugu; dauzkaten beharrak. Ekimen berriak bultzatuko ditugu eta laguntza emango diegu innobazioan. Zentzu horretan, gerturatzen lagunduko diegu berrikuntza teknologikoetara. Enpresa horietan pertsona kualifikatuak sartzerako orduan ere aholkuak emango dizkiegu».
Arriolak gaineratu zuen, hitzarmena posible izan dela Udalak eta Bic Berrilanek helburu berak dituztelako: «Ekintzaile izatea bultzatu nahi dugu Hernanin, eta hemengo enpresek duten beharrei erantzun».
Interesa duten enpresa
guztiei irekia
Hasteko, industria arloko 17 enpresaz osatutako zerrenda bat egin dute. Eta esan bezala, datorren astetik aurrera bisitak egingo dituzte enpresa horietan. 2 hilabeteren buruan bisita guztiak egitea aurreikusten dute. Dena dela, Arriolak azaldu zuenez, «helburua da Hernaniko enpresa guztien %90engana iristea».
Hori horrela, dei egin dute interesatuta dauden enpresa edo pertsonak harremanetan jarri daitezela eurekin. Udalaren Enplegu Zerbitzura deitu (943 33 68 02) edo Bic Berrilanera (943 000 999 -Marian Gabilondo).
Bic Gipuzkoa Berrilan,
21 urtez
Bic Gipuzkoa Berrilan da Gipuzkoako Enpresa eta Berrikuntza Zentroa (EBZ). 1993an ekin zion bere ibilbideari, helburua izanik, berrikuntzarekin zerikusia duten enpresen ekimenei bide ematea. Urte hauetan zehar 270 enpresa sortzen lagundu du Miramongo Parke Teknologikoan eta Eibarren dituen zentroetatik.