Sagardoaren lurraldean barrena egiten den lasterketarako prest dago guztia. Sagar Lasterraren 8garren edizioa jokatuko da datorren otsailaren 22an. 8 kilometro eta 900 metro izango dituzte aurretik partehartzaileek. 11:00etan hasiko da lasterketa, Hernaniko arraun elkartean eta sagardotegi gehien dituen auzoan barrena egingo dute korri, sagasti eta paraje ederren artean; helmuga Kiroldegiko sarrera izango da. Atletismo taldeak antolatzen du lasterketa, eta tiradizo haundiagoa du urtetik urtera: 300dik gora lagun espero dira, aurten ere. Txotx denboraldiaren barruan antolatzen da proba eta kirola eta festa uztartzen ditu, egun haundi honek.
Izen ematea, zabalik
Proban parte hartu nahi dutenek zabalik dute izena emateko epea. Aurrez, internet bidez eman behar da www.kirolprobak.com orrian; txip horiaren prezioa 8 eurokoa da; eta txuriarena, 10 eurokoa. Egunean bertan ere, izango da aukera. Lasterketa hasi aurretik izango da izena emateko tartea; kasu honetan, txip horia eta txuriaren prezioa 15 eurokoa izango da.