hernaniko EAJ eta H1 alderdiek herritarrekin bildu nahi dute, Hernaniko Udalaren gestioari buruz hitz egiteko. Sei bilera inguru egin nahi dira, auzoka edo zonaldeka, larunbat goizetan. Herritarrak txandaka joan daitezke, eta ordenean hartuko dituzte alderdietako ordezkariek. Lehendabiziko bilera Antziolan egingo dute, urtarrilaren 25ean, eta bertara deituak daude Antziola eta inguruetako bizilagunak.
«Zuzenean jakin nahi dugu herritarren iritzia, eta gure ildoak azaldu»
Funtsean jakin nahi dutena da herritarrek zer pentsatzen duten Udalaren gestioari buruz. «Zuzenean jakin nahi dugu herritarrek zer pentsatzen duten Udalaren gestioari buruz, zer aldatuko luketen, beren iritziz zeri dedikatu beharko litzaiokeen arreta haundiagoa... EAJ eta H1en lan ildoak zein diren ere azaldu nahi diegu herritarrei».
Herritar guztiei zabalik daude bilera horiek, eta modu informalean egingo dituzte. «Aportatu nahi duten hernaniar guztiei zuzendutako bilerak dira. Irekiak dira, eta ordutegi horretan azaltzen diren guztiak atendituko ditugu, modu informalean».
2014 urtean zehar egingo dira bilerak
Guztira sei bilera inguru egin nahi dituzte, eta auzo elkarteen lokaletan egiten saiatuko dira. Horretarako harremanetan jarriko dira elkarteetako arduradunekin, euren lokalak erabili ditzaketen jakiteko. Larunbat goizetan egin nahi dira, hilaren 25ean hasita, eta goizeko 10:30etatik 13:30etara egongo dira.
Lehendabiziko bilera, Antziolako Auzo Elkartean, urtarrilaren 25ean.