Irunera joan zen 20garren txapela. Iñigo Ugartek irabazi zuen Tabernetako Bertsolari Txapelketa, bigarren aldiz. Leporaino bete zen Garin taberna; bertso gosez ziren hernaniarrak, eta giro bikaina jarri zuten guztiek. Hamabi partehartzailek borobildu zuten 20garren edizioa.
Ugarte eta Iurramendi
desenpatatu ezin
Iñigo Ugarte eta Oier Iurramendi nabarmendu ziren igandeko finalean eta elkarren kontra aritu ziren Buruz Burukoan. Lotsa hitzarekin bertso bana bota zituzten lehendabizi. Iñigok esan zuen, lotsagarri eta lotsatuta, baina gustora zegoela; eta Oierrek lotsa momentu askotan sentitzen dela, baina bi trago hartu eta lotsa guztiak galtzen direla.
Gaia emanda, bina bertso bota zituzten. Gaia izan zen: Iñigo eta Oier, gaur elkarren ondoan esnatu zarete. Iñigok bukatu zuen esanaz: gaur bi gauza irabazi ditut, txapela eta mutila. Ugartek landutako ideia nagusia izan zen, gauza batzuk bila joan gabe etortzen direla. Oierrek amaitu zuen esanaz: esnatu aurretik banoa korrika. Gaia parranda baten bueltan enfokatu zuen Oierrek. Zioen, elkarrekin bukatu zutela, eta Iñigori ondo pasa zuela nabari zitzaiola, bera ordea, arraro sentitzen zela.
Buruz buruko berdinketa desenpatatu nahian, gai librean puntuka aritu ziren; baina horrela ere, ezin irabazlerik aukeratu. Kanadako txanpon batek aukeratu zuen txapelduna. Bertsotan, Iñigok basahuntzaren irudia zuen aldea aukeratu zuen; eta Oierrek aurpegiarena. Basahuntza atera zen, eta Iñigo Ugartek jantzi zuen txapela.
Antolatzaileek, eskerrak
Txapelketako antolatzaile eta bertsolariek eskerrak eman nahi dizkiete gerturatu ziren guztiei izandako jarrera eta emandako babesagatik.