Kirola elkartasun instrumentu bihurtu du Xabier Salillasek beste behin. Kataluniako San Vicençs dels Horts herrian izan da asteburuan, helburu nagusi batekin: bertako janari bankurako ahalik eta janaria gehien biltzea. Toni Vasquez ultrafondista bertakoa da, eta jendea erakartzeko asmotan izan zuen ideia: proba bat antolatzea, Guinness errekorra eta munduko errekorra hausteko. Xabier Salillasek, Jose Antonio Sotok eta Toni Vasquezek berak hartu zuten parte eta lortu zuten helburua eta errekorra: 24 orduz zintan korri egin eta gero, 449,4 kilometro egitea. Erronka solidarioa ere lortu zen, tonelada bat janari bildu baitzen, janari bankurako.
22 ordu eta erdi,
errekorra egiteko
Orain arteko Guinness errekorra Londreseko Forest Schooleko 12 kidek zeukaten jarria 2012an: 12 lagunen artean 437,7 kilometro zituzten eginak, zinta gainean 24 ordu korrika aritu eta gero; hauek ordea, erreleboka egin zuten korrika. Xabier Salillasek eta beste bi ultrafondistek 24 orduak betetzeko ordu eta erdi falta zela gainditu zuten marka hori. «Emozio haundiarekin bizitu genuen momentu hori, zintatik jaitsi, eta 10 minutu inguru izan genituen ospatzeko. Malko artean gogoratzen dut momentu hura». Ospatu eta zinta gainera igo ginen berriz, 24 orduak bukatu aurretik, ahalik eta kilometro gehien egiteko» azaldu dio Kronikari Salillasek.
Munduko errekorra
eta beste hainbat errekor
Proba kontrolatzen izan ziren Kataluniako Atletismo Federazioko epaileak eta baita Guinnesseko epaileak ere. Hiru partehartzaileek lortu izanaren ziurtagiria jaso zuten asteburuan, baina oraindik badira egin beharreko tramite batzuk: «epaileak bertan egon ziren, eta ontzat eman zuten froga. Orain ordea, tramiteak geratzen dira eta diploma bera Londresen banatuko da. Badakigu munduko errekorra ere egin dugula, eta baita beste asko ere... Ez dakigu zeintzuk, zeinek zein... baina hori da gutxienekoa. Egindakoa ikaragarria izan da, eta denborarekin jakingo dugu guztia».
Bi momentu kritiko
Emaitzak sufrimendu asko du atzean, eta bi momentu kritiko bizitu zituztela aitortu dio Salillasek Kronikari. «Aurreneko krisia nik izan nuen, 12 ordu korrika egin eta gero. Orduro egiten zizkiguten mediku probak: makinatik jaitsi, tentsioa hartu, bihotza begiratu, pisatu... eta 12 ordu pasata egindako proban, ni oso limitean nengoen. Lau kilo eta erdi galdu nituen, eta medikuek antolatzaileei esan zieten, hala jarraituz gero, utzi egin beharko nuela. Milimetrora egindako janari eta edariarekin errekuperatzea lortu nuen, eta aurreneko krisi hori gainditzea lortu nuen».
Bukatzeko 5 ordu falta zirela izan zuten bigarren momentu kritikoa: «bi ahuldadeak jota ginen, eta bat tira eta tira ari zen. Halako batean, makinatik jaistea erabaki zuen ondoen zegoen horrek, eta erori egin zen. Mediku azterketak pasa, eta azkarregi jaitsi izanagatik izan zitekeela esan zuten. Makinara igo zen berriz, altabozetatik musika jartzeko eskatu genuen, motibatzeko, eta azkenean, lortu genuen bukatzea. Ikaragarria izan zen».
Jendearen laguntza ere, klabea izan zela dio Salillasek: «jendearen oihuak, animoak... beraien laguntzagatik lortu genuen... Wukroren alde korrika egindako egun haiek askotan etorri zitzaikidan gogora, antzekoa izan zen. Eskerrak eman nahi dizkiet bihotzez antolatzaileei, jendeari, medikuei, guztiei... denek dute parte lortutakoan».
Deskantsatzeko garaia
Aste hau deskantsu gisa hartuko du Salillasek, errekuperatu eta probak utzi dizkion ondorioak aztertu, fisioterapeutarekin. Ondoren, pixkanaka entrenatzen hasteko asmoa azaldu dio Kronikari: «datorren aste hasieran edo, poliki-poliki hasiko naiz eliptikarekin... azkenean, honek ematen dit bizia».