Ander Lopez seniorrak oso ondo jokatu zuen larunbatean, Gipuzkoako Trinkete Txapelketako finalerdia, baina ez zuen ezer egiterik izan Julen Loitegi urnietarraren aurka. Lopezek oso txapelketa ona jokatu du eta orain eskuak errekuperatu behar ditu bikotekako modalitatean jokatzeko.
7 garaipen eta 13 porrot
Orokorrean ez da asteburu ona izan Hernaniko pelotarientzat, baina garaipen garrantzitsuak lortu dira. Esaterako, Euskal Herriko Txapelketan, Urkizu eta Altunak garaipena lortu zuten, Sub22 mailan, aurkarietako batek istripua izan zuelako eta ez zirelako aurkeztu. Txapelketa berean, Esnal eta Lizeaga seniorrek galdu egin zuten eta azken faserako pasea zaildu egin zaie.
Udaberriko Torneoaren barruan, Arizmendi-Lazkano eta Agirre-Pagola kadeteek irabazi egin zuten beraien debutean. Binakako Gipuzkoako Txapelketan, berriz, Larrañaga-Salaberria eta Larburu-Gorrotxategi infantilek irabazi egin zuten eta galdu gabe jarraitzen dute. Arizmendi-Insausti eta Go-rostidi-Zugasti infantilek, bestalde, galdu egin zuten.